- Araudiak hezkuntzaren inguruko parte-hartzea eta lankidetza sustatzen ditu ikuspegi komunitario batetik. Horretarako, haurren eta gazteen parte-hartze zuzena txertatzen du familiekin, ikastetxeekin, erakundeekin eta komunitateko eragileekin batera, eta Durangok azken urteotan Udal Eskola Kontseiluaren eta Hezkuntza Foroaren bidez garatutako lankidetza-ibilbideari jarraipena ematen dio.
- Udal Gobernuak jakinarazi du, halaber, Durangoko Gizarte Segurantzaren bulegoa aurreikuspenen arabera urriaren 1ean irekiko dela berriro. Udalak harreman zuzena eta etengabea mantentzen du Espainiako Gobernuaren ordezkaritzarekin, zerbitzua ahalik eta lasterren berreskuratu ahal izateko.
Durangoko Udalak hasierako onarpena eman dio Udal Hezkuntza Kontseilua arautzen duen erregelamenduari. Parte-hartze eta lankidetzarako organo berri horren helburua da hezkuntza komunitate-proiektu gisa ulertzeko ikuspegi partekatu bat sustatuko duen espazio egonkor bat sendotzea.
Araudiak oinarri du hezkuntza ikastetxeen, familien, erakundeen eta komunitate osoaren arteko erantzukizun partekatua dela. Ekimenak azken urteotan Udal Eskola Kontseiluaren eta Hezkuntza Foroaren bidez garatutako lankidetza-ibilbideari jarraipena ematen dio.
Kontseilu berriaren helburua da hezkuntza-eragileen arteko koordinazioa eta parte-hartzea indartzea, haur eta nerabeen ahotsa txertatzea, aniztasuna eta inklusioa sustatzea, eta udalerriko hezkuntza-arloko erronka eta lehentasun nagusiak identifikatzea. Era berean, Udalari eta eskumena duten gainerako erakundeei proposamenak eta gomendioak helarazi ahal izango dizkie, baita komunitate-hezkuntzako proiektuak sustatu ere.
Kontseilua kide anitzeko organoa izango da, aholku-emailea eta gizarte-partaidetzakoa, izaera kontsultatiboa eta autonomia funtzionala izango dituena. Alkatea edo hark eskuordetzen duen pertsona izango da buru, eta Lehendakariordetza bat, Udaleko idazkaritza tekniko bat eta Durangoko hezkuntza- eta gizarte-komunitateko ordezkariak izango ditu.
Kideen artean familien elkarteen ordezkariak, ikastetxeetako zuzendaritzak, kultura, kirol eta aisialdi arloko eragileak, udal talde politikoak eta Musika Eskola, Euskaltegia, HHE eta Oinarrizko Lanbide Heziketa bezalako erakundeetako ordezkariak egongo dira.
Araudiaren alderdirik nabarmenenetako bat haur eta gazteen parte-hartze zuzena da. Kontseiluak Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako bi ordezkari eta 14 eta 18 urte bitarteko bi gazte izango ditu, horrela tokiko hezkuntza-politiken inguruko erabakietan haur eta nerabeen presentzia indartuz.
Horrez gain, hezkuntza-arloan adituak diren bi pertsona ere sartu ahal izango dira, eta beharrezkoa denean udaleko teknikariek edo kanpoko adituek bileretan parte hartu ahal izango dute hitzarekin, baina botorik gabe.
“Hezkuntzan inbertitzea Durangoren etorkizunean inbertitzea da. Kontseilu honekin hezkuntza-komunitate osoarekin batera entzuteko, elkarrizketarako eta gure haur eta gazteei aukera onenak eskaintzen lagunduko duten erabakiak hartzeko gune bat eraiki nahi dugu. Bereziki garrantzitsua da haiek ere organo honen parte izatea, inork ez baititu gazteek beraiek baino hobeto adieraziko beren kezkak, beharrak eta proposamenak. Belaunaldi berriak udalerri inklusiboago, parte-hartzaileago eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatuago batean haztea nahi badugu, ahotsa eman behar diegu eta gaurdanik elkarrekin lan egin”, adierazi du Asier Perugorria Hezkuntza zinegotziak.
Hasierako onarpen honekin, Udalak aurrerapauso bat eman du hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea bultzatuko duen, eragileen arteko lankidetza indartuko duen eta Durangoko egungo zein etorkizuneko beharrei erantzungo dieten hezkuntza-proiektuak garatzen lagunduko duen organo baten sorreran.
Durangoko Gizarte Segurantzaren bulegoa aurreikuspenen arabera urriaren 1ean irekiko da berriro
Durangoko Gizarte Segurantzaren bulegoa aldi baterako itxita dago joan den ekainaren 1etik, langile faltaren ondorioz. Espainiako Gobernuaren ordezkariordeak joan den astean Udalarekin egindako bileran azaldu zuenez, egoera behin-behinekoa da; izan ere, 12 langileko plantillatik pertsona bakarra zegoen lanean, hainbat bajaren ondorioz.
Durangoko Udal Gobernuak harreman zuzena mantentzen du Espainiako Gobernuaren ordezkaritzarekin egoeraren jarraipena egiteko eta konponbidea ahalik eta azkarren lortzen laguntzeko. Helarazitako aurreikuspenen arabera, bulegoa datorren urriaren 1ean ireki ahal izango da berriro, zerbitzua behar bezala bermatzeko beharrezkoa den langile kopurua berreskuratu ondoren.