Airearen kalitatea eta kutsadura atmosferikoaren arazoak lehentasunezko gaiak dira hiri-eremuetako jasangarritasuna aztertzean, osasunean duten eraginagatik eta emisio kutsagarri horiek gure planetaren ingurumen-arazo orokorrak areagotzen dituztelako.
Durangaldean dauden kutsadura-atmosferikoko gune garrantzitsuenak honako hauek dira:
- Atmosferaren kutsagarri izan daitekeen jarduera gisa katalogatutako industria-jarduerak (galdategiak, paper-fabrikak, harrobiak...)
- Motordun ibilgailuen trafikoa
- Etxeko iturriak (berogailuak, galdarak...)
- Zerbitzuetako iturriak (batez ere obrak)
San Roke kalean dago Airearen kalitatea zaindu eta kontrolatzeko Eusko Jaurlaritzaren sarearen estazioa.
Estazio horrek Durangaldeko airearen kalitatea zein den adierazten du, eta estazio horrek xurgatzen dituen kutsagarrien kontzentrazioa aztertzen du.
Durangon neurtzen ari diren kutsagarriak honako hauek dira:
- NO2: nitrogeno dioxidoa
- SO2: sufre dioxidoa
- PM10: 10 mikrometrotik beherako diametroko partikulak
- CO: karbono monoxidoa
- O3: ozono troposferikoa
Datuak monitarizatu eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaltzen dira, eta hark egunero argitaratzen ditu www.ingurumena.net web orrian.
1073/2002 Errege Dekretuak giro-airean egon daitezkeen hainbat kutsagarriren (sufre dioxidoa, nitrogeno dioxidoa, nitrogeno oxidoak, esekiduran dauden partikulak, beruna, bentzenoa eta karbono monoxidoa) balio-mugak zehazten ditu.
Kutsagarri baten balio-muga gainditu ezin den maila bat da, eta ezagupen zientifikoetan oinarrituta zehazten da; hartara, atmosferaren kutsadurak gizakion osasunean eta ingurumenean izan dezakeen eragin kaltegarria saihestu, prebenitu edo murriztu egin daiteke.
1073/2002 EDn finkatzen diren balio-mugak 2003an jarri ziren indarrean, eta 2010. urtera arte, apurka-apurka gutxitzen doazen balio-mugak zehazten ditu.
Balio-mugak gainditzen direnean, Herri Administrazioek diagnostikoak egin behar dituzte udalerri bakoitzean balio-muga horiek zergatik gainditzen diren zehazten ;laguntzeko eta, ondoren, kaltetutako udalerrietako airearen kalitatea hobetzeko jarduera-planak egiteko.