Berriena

null Durangoko Udalak udal liburutegiko, Landako I-eko eta Intxaurrondoko ikasketa gelak azterketa garairako erabilgarri jarri ditu
Durangoko Udalak udal liburutegiko, Landako I-eko eta Intxaurrondoko ikasketa gelak azterketa garairako erabilgarri jarri ditu
  • Hurrengo asteetan horrelako espazioak erabili behar dituzten pertsonek urtarrilaren 26ra arte izango dute horretarako aukera

Durangoko Udalak ikasteko gelak prestatu ditu berriz ere hainbat udal eraikinetan, azterketa-garaian gune horietara joan ahal izan daitezen hala nahi duten pertsona guztiak. Iaz, ikasteko-guneak handitu egin ziren, Landako I kiroldegian zegoen aretoa irekiz eta Intxaurrondoko instalazioekin. Aurten ere bi kokapen hauek egongo dira eskuragarri, ohi bezala, udal liburutegiaz gain, urtarrilaren 26ra arte. 

"Iaz pertsona askok erabili zituzten ikasketa-gelak azterketa-garaian, eta uste dugu oraindik ere garrantzitsua dela udalerrian kokapen bat baino gehiago eskaintzea eta herritarrek jakitea udal-liburutegiaz gain, ikasteko beste bi gune ere badituztela. Horregatik, esperientzia errepikatuko dugu ", zehaztu du Asier Perugorria Hezkuntza zinegotziak.

Ordutegi malguagoak

"Azterketetan, ikasleek espazio lasaiak, atseginak eta erosoak behar dituzte ikasteko eta ordutegi malguagoak. Helburu horrekin irekiko ditugu ikasketa gelak", nabarmendu du zinegotziak. Ildo horretan, Laubideta kaleko 6. zenbakian dagoen Intxaurrondoko gunera astelehenetik ostiralera joan ahal izango da ikastera, 9:30etik 15:00etara. Landako I kiroldegiko sotoak, bestalde, astelehenetik larunbatera irekiko dira, 16:00etatik 21:00etara.

Bizenta Mogel Liburutegiari dagokionez, bere egutegia aldatuko du eta hurrengo asteetan ordutegia zabalduko du. Pertsona askok prestatu beharko dute azterketetarako eta horrelako guneak erabili beharko dituzte. Zentzu honetan, astelehenetik ostiralera udal liburutegia zabalik egongo da etenik gabeko ordutegian, 9:00etatik 21:00etara. Larunbatetan 10:00etan irekiko da eta 20:00ak arte joan ahal izango da ikastera. Igandeetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.