- Prozesuak 300.000 euroko zuzkidura du, Kirola eta Gazteria, Kultura eta Euskara, eta Gizartea eta Jaiak arloetan banatuta. Durangon erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek 15 proposamen finalisten artean aukeratu eta bozkatu dezakete esteka honen bidez https://partehartu.durango.eus/eu/proyecto-de-participación/-/asset_publisher/equvvH4N6kKI/content/id/2025834.
2027ko aurrekontu parte-hartzaileen bozketa azken txanpan sartu da. Durangon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek ostiral honetara arte, uztailaren 24ra arte, izango dute parte hartzeko aukera. Aurtengoa prozesuaren zortzigarren edizioa da, eta udal aurrekontuaren zati baten erabilera zertara bideratu erabakitzeko aukera ematen du.
Guztira 27 proposamen aurkeztu dira, eta horietatik 15ek gainditu dute baliozkotze teknikoaren fasea; beraz, herritarren bozketara igaro dira. Aurtengo ediziorako 300.000 euro bideratuko dira, zenbatekoa hiru arloren artean berdin banatuta: Kirola eta Gazteria, Kultura eta Euskara, eta Gizartea eta Jaiak.
Kirola eta Gazteria arloan bost proposamen iritsi dira azken fasera: Itzulia Durangotik igarotzea, erabilera anitzeko espazioan crossfit lehiaketa nazionala antolatzea, "Durango Gazte Aktiboa" aisialdi programa, "Gazteria eta ondarea" proposamena eta Espainiako Landa Txapelketa, 192 arkulariren parte-hartzearekin.
Kultura eta Euskara arloan, berriz, zortzi proposamen daude aukeran. Horien artean daude Euskaraldiaren astean euskarazko musika jaialdi bat antolatzea, Landako Gunean euskal kulturaren jardunaldi bat egitea, jolasaren eta antzerkiaren bidez euskararen erabilera sustatzeko jarduerak, aire zabaleko irakurketa topaketak, nerabeei zuzendutako euskarazko erreferenteen ekimena, Euskaraoke eta "Durango, memoria hormetan" muralen proiektua.
Gizartea eta Jaiak arloan, berriz, bi proposamen aukeratu ahal izango dira: udalerriko plazetan xake erraldoi bat jartzea eta "Emakumeak musikan" zikloa, arlo horretan emakumeek egiten duten ekarpena ikusarazteko.
Bozketa esteka honen bidez egin daiteke: https://partehartu.durango.eus/eu/proyecto-de-participación/-/asset_publisher/equvvH4N6kKI/content/id/2025834. Parte-hartzaile bakoitzak hiru arloetako bakoitzean proposamen bana bozkatu ahal izango du.
Herritarren babes handiena jasotzen duten proiektuak 2027ko udal aurrekontuan sartuko dira.