null
null "Uretatik haratago", Durangoren ikur berria bihurtu nahi duen Victor Arrizabalagaren eskultura
"Uretatik haratago", Durangoren ikur berria bihurtu nahi duen Victor Arrizabalagaren eskultura
  • Durangoko armarrian eta herriak urarekin duen loturan oinarrituta, obra TADUko aparkalekuaren eta trenbide zaharraren ibilbide berriaren ondoan kokatuko da. Ekimena 2023-2027 Gobernu Planaren esparruan kokatzen da, herritarren kidego-harrotasuna indartzeko asmoz.

Durangoko Udalak "DURANGO – URETATIK HARATAGO" eskultura aurkeztu du, udalerrira iristen direnei ongietorria emateko eta Durangoren nortasuna indartzeko sortutako lana. Ekimen hau 2023-2027 Gobernu Planaren baitan kokatzen da, herritarren parte izatearen harrotasuna indartzeko eta udalerriaren irudi ezagun eta adierazgarria sendotzeko. 

Eskultura Víctor Arrizabalaga artista durangarrak diseinatu du, eskulturaren eta espazio publikoetako esku-hartzeen arloan ibilbide luzea egin duena. Udalak Durangora iristen direnei ongietorria emateko pieza bat sortzeko agindu zion, eta, hainbat proposamen eta kokapen aztertu ondoren, TADU aparkalekuaren ondoan dagoen berdegunean jarriko da, Olleria kalean.

Kokapena bere balio estrategikoagatik aukeratu da. Eskulturak TADUn aparkatzen duten eta Durangora iristen diren pertsonei egingo die harrera, eta trenbide zaharrean zehar egiten ari den ibilbide berriaren ondoan kokatuko da, erabilera publikora zabaltzen ari den espazio berriari behar duen duintasuna emanez.

Proposamenak udalerriaren izena duen errotulu huts batetik harago joan nahi du, Durangoren sinbolo bihurtzeko asmoz. Helburua Durangoren irudi baikor, positibo, berritzaile, abegikor eta integratzailea proiektatzea da, herritarrak eta Durango bisitatzen dutenak harekin identifikatzea lortzeko. 

Proposamen artistikoaren abiapuntua Durangoko armarriko elementu ezagunenetako bat da: hiru arkuko zubia. Sinbolo horretan oinarrituta, eskultoreak konposizio bat sortu du, non Durango hitzaren letrek A hizkia euskarri hartuta zubi bat marrazten duten. Interpretazio horrek lotura bat ezartzen du Urango toponimoaren esanahi historikoarekin, haran edo larre heze bati lotua dago, eta udalerriak urarekin eta Ibaizabal eta Mañaria ibaiekin zein Larrinagatxu erreka soilarekin duen harreman estua gogorarazten du, hauen presentzia funtsezkoa izan baita herriaren jatorrian eta garapen historikoan.

Eskultura altzairu kortenez egingo da, kanpoaldean jartzeko material bereziki erresistentea da, eta mantentze-lan gutxi behar duena. Bere dimentsioei esker, herritarrak nahiz bisitariak eskulturara gerturatu eta harekin elkarreraginean arituko dira. Jarduketa hiri-ingurunean integratutako berdegune batean gauzatuko da, eta obra oinezkoen zein txirrindularien ibilbideekin bateratuko da. Urte amaierarako egongo da jarrita. 

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak adierazi duenez, "ilusio handiz aurkezten dugu eskultura hau, Durangorako ikur bihurtzeko bokazioarekin jaio baita. Herrira iristen direnei ongietorria emango zien obra bat nahi genuen, baina baita herritarren kidetasun sentimendua indartuko zuena ere. Gure historiaren eta nortasunaren elementuak biltzen dituen pieza da eta, aldi berean, etorkizunari begiratzen dio, Durangoko bizitzarentzat gero eta garrantzitsuagoa izango den espazioari balioa ematen lagunduz."

Bestalde, Victor Arrizabalaga eskultore durangarrak azaldu duenez, "erronka Durango izena zuen errotulu batetik haratago joango zen obra bat sortzea zen. Proposamena armarriaren hiru arkuko zubian eta udalerriak urarekin izan duen harreman historikoan oinarritzen da, irudi sinple, ezagun eta esanahiz betea eraikitzeko. Nire nahia da herritarrek elementu propiotzat sentitzea eta bisitatzen gaituztenek bertan Durangoren nortasuna islatuko duen lehen irudi bat aurkitzea."