- Deialdiak 29 eskaera jaso ditu, laguntzak abian jarri zirenetik kopururik handiena, tokiko ekonomia dinamizatzeko eta ekintzailetza sustatzeko Dendak Bai elkartearekin lankidetzan garatutako programan.
Durangoko Udalak ekintzaileentzako 2026ko dirulaguntzen deialdiaren ebazpena onartu du. Deialdiak 80.000 euroko aurrekontua du, udalerrian ekintzailetza sustatzeko eta jarduera ekonomiko berriak sortu zein sendotzen laguntzeko.
Aurten inoiz baino eskaera gehiago jaso dira: guztira 29 izan dira (2025ean 23 izan ziren), eta horietatik 26 onartu dira. Baztertutako hiru eskaeren arrazoiak honako hauek izan dira: bata, establezimendua kalean ez egoteagatik; bestea, jarduerari diruz lagundu daitekeen alditik kanpo alta emateagatik; eta hirugarrena, eskatzaileak jarduera utzi ondoren uko egiteagatik.
Laguntza horietara bideratutako aurrekontuak hazkunde handia izan du azken urteotan. 2025ean, partida 50.000 eurotik 62.000 eurora igaro zen, eta, 2026an, berriz ere handitu da, 80.000 eurora arte; hau da, duela bi urteko hasierako zuzkidurarekin alderatuta, % 60 baino gehiago igo da. Igoera hori Udalak tokiko ekintzailetzarekin duen konpromisoaren adierazle da, eta Dendak Bai Merkatarien Elkarteak egindako eskaerari ere erantzuten dio. Hala ere, eskaera kopurua handitu denez, % 78,5eko hainbanaketa aplikatu behar izan da.
Inbertsioaren % 60 arte estaltzen duen gehieneko dirulaguntza 23 proiektuk jaso dute, eta gainerako hirurek, berriz, eskatutako zenbatekoaren araberako laguntza jaso dute.
Jesica Ruiz Merkataritza zinegotziak programa honen garrantzia azpimarratu du udalerriko ehun ekonomikoa indartzeko: "Deialdi honekin negozio berrien sorrera erraztu nahi dugu, enpresa-proiektuak sendotzen lagundu eta tokiko ekonomia dinamizatu. Badakigu ekitea erronka handia dela eta, horregatik, azken bi urteetan 30.000 eurotan handitu dugu laguntza hauen aurrekontua, % 60 gehiago. Apustu horrek agerian uzten du Udalak ekintzaileen eta Durangoko garapen ekonomikoaren alde duen konpromisoa. Gainera, laguntza horiek bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, eta horrek aukera ematen du beren proiektua abian jartzea erabakitzen dutenei laguntza handiagoa eskaintzeko. Hala ere, aurreko urteetan baino eskaera gehiago jaso direnez, aurrekontu-igoera ez da nahikoa izan. Horrek erakusten du Durangon gero eta pertsona gehiagok egiten dutela ekintzailetzaren aldeko apustua. Hori guztia ez litzateke posible izango Dendak Bai Merkatarien Elkartearen laguntza eta elkarlanik gabe".