null
null Izozkitegiak, poke eta kontserba dendak, ardotegiak eta pizzeriak osatuko dute Durangoko Merkatu Plazaren eskaintza berria
Izozkitegiak, poke eta kontserba dendak, ardotegiak eta pizzeriak osatuko dute Durangoko Merkatu Plazaren eskaintza berria
  • Durangoko Udalak amaituko du Merkatu Plazaren abian jartzeko prozesua, 298.920,60 euroko inbertsioa egin ondoren, eta hamaika postuen okupazio-prozesua osatuko du udazken honetan; hala, astelehenetik igandera 08:30etik 21:00etara irekiko den merkataritza, kultura eta gizarte jarduerak uztartzen dituen gunea sendotuko du. Horrez gain, baserritarren azoka indartuko du, larunbatetako ohiko jardunari astearteetakoa gehituta. 

Durangoko Merkatu Plaza abian jartzeko azken fasean dago, eta aro berri baterantz egingo du aurrera, udazken honetan establezimendu guztiak martxan daudela. Hutsik zeuden lau postuak esleitzeko proposamena egin ondoren, berritutako Merkatu Plazak negozio berriekin osatuko du bere eskaintza komertziala, erosteko, otorduak gauzatzeko eta herritarrentzako topaketak egiteko aukerak zabalduz.

Esleitutako establezimendu berriak izozkitegia, poke eta kontserba denda, ardotegia eta pizzeria izango dira. Negozio horiek lehendik dagoen eskaintzari gehituko zaizkio, hau da, lehendik zabalik dauden harategiari, urdaitegiari, 0 kilometroko produktuen saltokiari, ozpinetakoen postuari eta tabernari. Horiei okindegia ere batuko zaie; haren esleipena aurreko prozesu batean ebatzi zen, eta lokala egokitzeko obrak laster hasiko dira.

Datozen asteetan sinatuko dituzte kontratuak pertsona eta enpresa esleipendunekin, eta horiek berehala hasiko dituzte espazioak egokitzeko lanak. Horrela, Udalak Merkatu Plaza berriko hamaika merkataritza-postuak betetzeko prozesua amaituko du, eta proposamen komertzial oso zein dibertsifikatua duen gunea sendotuko du.

Merkatu Plaza berria merkataritza-jarduera eta udalerriko gizarte eta kultura-programazioa uztartuko dituen gune bizia izateko asmoarekin sortu da. Merkataritza tradizionalaren, kontzeptu gastronomiko berrien eta produktu espezializatuen arteko bizikidetzari esker, erosketa eta ostalaritza-aukerak zabaldu ahal izango dira, merkatuaren erakargarritasuna indartuz, bai Durangoko bizilagunentzat, bai herria bisitatzen duten pertsonentzat.

Merkataritza-postuez gain, plazak balio anitzeko erdiko espazio zabala du, jarduera kulturalak, gastronomikoak, tailerrak, auzo-topaketak eta udalerriko bizitza dinamizatzeko beste ekimen batzuk hartzeko diseinatua. Horrela, merkatua herritarrei irekitako eta Durangoko jarduera sozialari lotutako topagune gisa planteatzen da.

Baserritarren azoka tradizionalak ere lekua du gune berritu honetan bere jardunari eutsi ahal izateko. Erreformari esker, azokak agerraldia zabaldu du: lehen larunbatetan soilik egiten bazen ere, hemendik aurrera astearteetan ere egingo da eta, horrela, tokiko produktuaren presentzia indartuko da aste osoan zehar.

Merkatu Plaza astelehenetik igandera egoten da zabalik, 8:30etik 21:00etara. Postuen esleipendunek gutxienez bost orduz irekita eduki beharko dituzte establezimenduak, astelehenetik larunbatera, arrandegia izan ezik, astelehenetan itxi ahal izango baitute. Halaber, espazioa dinamizatzen lagundu beharko dute, Udalak antolatutako jarduerei lotutako ezohiko irekieretan parte hartuz, bereziki ostegunetan.

Merkatu Plazaren berrikuntza integralak, iazko berrantolaketa-lanen ostean gauzatutakoak, 298.920,60 euroko inbertsioa izan du Durangoko Udalaren partetik, eta haren 2023-27 Legealdi Planaren baitan kokatzen da. Jardun horri esker, azpiegiturak modernizatu, irisgarritasuna hobetu eta espazioak berrantolatu dituzte, egungo merkataritzaren beharretara egokitzeko. Hala, merkatuaren nortasun tradizionalari eutsi diote, eta, aldi berean, ekintzailetzarako zein tokiko merkataritzarako aukera berriak sortu.

Prozesua amaituta, Durangoko Merkatu Plazak merkataritza, gastronomia, tokiko produktua eta kultur zein gizarte jarduerak uztartzen dituen eremu berritu gisa helduko dio etorkizunari. Modu horretan, udalerriko bizitzaren erreferentziazko bilgune gisa duen zeregina indartuko du.