null
null Zabaldu da San Fausto 2026 jaietako kartel lehiaketa
Zabaldu da San Fausto 2026 jaietako kartel lehiaketa
  • Lehiaketa artista afizionatu eta profesionalentzat zabalik dago, eta egile bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu. Proposamenak abuztuaren 27ko 12:00ak arte bidali ahal izango dira, Udalaren parte hartze plataformaren bidez: https://partehartu.durango.eus/.
  • Kartel irabazlea epaimahai batek zazpi lan finalista aukeratu ondoren hautatuko da, eta irailaren hasieran herri-bozketa egingo da. Irabazleak 900 euroko saria jasoko du.
  • Oinarriek ezartzen dute erabilitako baliabide grafiko guztiek beharrezko erabilera-eskubideak izan behar dituztela, eta ez direla onartuko adimen artifizial sortzailearen bidez erabat edo partzialki sortutako lanak.

Urriaren 10etik 18ra ospatuko diren 2026ko San Fausto jaien atarian, Durangoko Udalak herriko jaien irudia zehaztuko duen kartel lehiaketa jarri du abian. Deialdi honen xedea jaietako publizitatea eta kartel ofiziala hornituko dituen irudia hautatzea da, sormen-lana artista afizionatu zein profesionalen eskura jarriz.

Aurkeztutako lanek jatorrizkoak eta argitaragabeak izan beharko dute, eta egile bakoitzak, gehienez, hiru proposamen helarazi ahal izango ditu. Nahiz eta gaia, kolorea eta teknika erabat libreak izan, lanek deialdiaren muina hartu beharko dute kontuan, eta Durangoko San Fausto jaien izaera islatzeko balio beharko dute.

Kartelek 70 x 50 zentimetroko neurria izan beharko dute, nahitaez bertikalean, eta testu hau jaso beharko dute derrigorrez: “SAN FAUSTO JAIAK 2026 / DURANGO / Urriaren 10etik 18ra”. Proposamenak https://partehartu.durango.eus udal plataforma digitalaren bidez aurkeztu beharko dira, dagokion eskaera-orria beteta, egilearen identifikazio-datuekin eta kartelaren goiburu edo izenburuarekin batera. Lanak JPG formatuan igo beharko dira, gehienez 20 megabaiteko tamainarekin.

Lanak aurkezteko epea abuztuaren 27ko eguerdiko 12:00ak arte egongo da zabalik. Lehiaketari buruzko argibide gehiago nahi izanez gero, herritarrek Udalarekin harremanetan jartzeko aukera dute 94 603 00 13 telefono zenbakira deituz.

Oinarrietan jasotako baldintzen artean zehazten denez, kartela osatzeko erabilitako argazki, ilustrazio edo baliabide grafiko guztiek dagozkien erabilera-eskubideak bermatuak izan beharko dituzte. Gainera, lehiaketatik kanpo geratuko dira adimen artifizial sortzailearen bidez egindako edo diseinatutako elementuak dituzten lanak, dela osorik, dela zati batean.

Kartel irabazlea aukeratzea

Hautaketa-prozesuaren lehen fasean zazpi kartel finalista izendatuko dira. Epaimahaia Jai Batzordeko kideek, Durangoko artearen munduarekin lotura duten pertsonek eta, lehen aldiz, diseinu grafikoko profesional batek osatuko dute.

Proposamenak baloratzeko orduan, aurkeztutako lanen kalitatea, Durangoko San Fausto jaiak iragartzeko zein islatzeko duten gaitasuna eta sormenaren garapena hartuko dira kontuan.

Zazpi kartel finalistak hautatu ostean, herri-bozketa abiatuko da irailaren 4tik 11ra bitartean. Parte-hartze prozesu honetan Durangon erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek eman ahal izango dute botoa, NANaren bidez identifikatu ondoren, eta bakoitzak proposamen bakarra hautatu ahal izango du. Bozketa aurrez aurre zein udalaren webgunearen bidez egin ahal izango da.

Bozka gehien jasotzen dituen kartela izango da irabazlea, eta hautua 2026ko irailaren 16an jakinaraziko da. Irabazleak 900 euroko saria jasoko du.

Durangoko Udalak 2026ko San Fausto jaietarako kartel lehiaketan parte hartzeko eta proposamenak aurkezteko deia egin die sormen munduko eragile eta interesdun guztiei.

Dokumentuak