- Belarra abuztuko lehen astean hasiko da kentzen, eta berria bigarrenetik aurrera jarriko da. Aurrekontu parte-hartzaileetatik datorren jarduketak 48.373,09 euroko aurrekontua du eta, aurreikuspenen arabera, abuztuaren 31 inguruan amaituko da.
- Landako IIko igerilekua hilabete osoan itxiko da, eta garbiketa eta desinfekzio lanak egingo dira legionela prebenitzeko. Horrez gain, iragazketa sistemak, hidromasajeak eta instalazioaren beste elementu batzuk mantentzeko eta hobetzeko lanak egingo dira.
Durangoko Udalak abuztuan zehar bi hobekuntza-jarduera egingo ditu udaleko kirol-instalazioetan. Alde batetik, Tabirako futbol-7 zelaiko belarra ordezkatuko da, eta, bestetik, mantentze-lanak egingo dira Landako II igerilekuan.
Futbol-7 zelaiaren kasuan, abuztuko lehen astean hasiko dira egungo belarra kentzen, eta bigarrenetik aurrera jarriko dute berria. Lanok abuztuaren 31rako amaituta egotea aurreikusi dute.
Jarduera aurrekontu parte-hartzaileetatik dator, 48.373,09 euroko aurrekontua du eta Mondo Ibérica, S.A.U. enpresari esleitu zaio.
Bestalde, Landako IIko igerilekua itxita egongo da abuztuan, instalazioak mantentzeko, garbitzeko eta hobetzeko lanak egiteko. Lan horien artean daude igerilekuetako eta hidromasajeetako ontziak hustea, garbitzea eta desinfektatzea, baita ur bero sanitarioko metagailuak ere.
Garbiketa eta desinfekzio lan horiek legez nahitaezkoak dira, eta legionelari aurrea hartzea dute helburu. Era berean, uraren tratamenduan erabiltzen diren iragazkietako harea deskonpaktatu egingo da, iragazketaren eraginkortasuna hobetzeko asmoz.
Lan horiek amaitu ondoren, beharrezkoa izango da instalazioak berriro urez betetzea, ura berotzen uztea eta berriz ireki aurretik kloroa eta pH-a bezalako parametroak egonkortzea.
Igerilekuaren itxiera eta hustuketa beste mantentze eta hobekuntza-lan batzuk egiteko ere baliatuko dute, baldintza horietan bakarrik egin baitzitezkeen. Aurten, besteak beste, hesi bat jarriko dute hidromasajeen artean, eta uretako bizikleten nahiz eskaileren soldadurak eta piezak berrituko dituzte.
Jarduera horiei esker, bi instalazioak prest jarri eta haien funtzionamendu egokia bermatuko da denboraldi berriari begira.