Adierazpen Instituzionalak

Adierazpen Instituzionala

AZAROAK 25, EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA EZABATZEKO NAZIOARTEKO EGUNA

2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 112 emakume eta 11 haur erailak izan dira Euskal Herrian. Zenbaki onartezin honen atzean izenak eta izanak daude. Erauzitako bizi proiektuak.

Urte honetan ere bereziki aipatu nahiko genuke, izebergaren punta diren erailketa hauetaz gain, ohikoak bilakatu direla gizonezkoek taldean egiten dituzten bortxaketei buruzko salaketa publikoak. Hala ere, eraso bakoitzaren aurrean, hauek salatu dituen Mugimendu Feminista saretu bat atera da kalera. Gaurko egunean ere, talde hauen lana eta ezinbestekotasuna azpimarratu behar dugu.

Urte luze hauetako lana izan da Indarkeriari maskara kentzea. Ez da lau zororen kontua. Sistema patriarkal sendo baten ondorioa baizik. Indarkeria matxistei buruz egindako makro-inkestak datu larria mahai-gaineratu zuen: bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar.

Istanbulgo Hitzarmena ekarri nahi dugu gogora, urte luzeetan zehar Mugimendu Feministak egindako Indarkeriaren ikuspegi zabalpena bildu zuen lehen tresna loteslea. Hitzez hitz esaten du "emakumearen aurkako indarkeriagatik" ulertu beharko dela giza eskubideen urraketa bat eta emakumeen aurkako diskriminazio modu bat, eta generoan oinarritutako indarkeria-ekintza guztiak izendatuko direla, emakumeentzat kalte edo sufrimendu fisiko, sexual, psikologiko edo ekonomikoak dakartzatenak edo eragin ditzaketenak, ekintza horiek egiteko mehatxuak barne, hertsapena edo askatasuna arbitrarioki kentzea bizitza publikoan edo pribatuan.

Azaroaren 25ean, nazioarteko tresna lotesle hau aintzat hartuta, emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka gaudela adierazteko eguna da, eta, hori ez ezik, indarkeria sorrarazten duten eragile guztien aurka ere bagaudela esatekoa. Bizitza aske eta segurua eraikitzearen alde gaudelako.

Indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzen jarraitzeko eguna da, jendartean normalizatuen dauden sotilenetatik hasita, hala nola ukitzeak; ahozko lizunkeriak; publizistek eta mass-mediek emakumeen gorputzari ematen dieten erabilerak; mezu eta adierazpen sexistak; janzkera, jendarte-sareen erabilera edo lagunartea kontrolatzea, eremu publikoa (eskolako patioak, jolastokiak, parkeak) askatasunez okupatzeko zailtasunak; edota emakume eta gizonen arteko berdintasuna zuzenean erasotzen dituzten administrazio-erabakiak. Bigarren estadio batean, sexu-erasoak eta eraso fisikoak egongo lirateke, eta, esparrurik bortitzenean, erailketak.

“Normaltasunera” bueltatzen ari garela zabaltzen ari den egun hauetan, Indarkeria Matxista pairatzen duten horientzat, ordea, ospatzeko normaltasunik ez dagoela adierazi beharrean gaude.
Ezin dugu ahaztu larderia emakumeengan gertatzen dela, baina, mina sortzeko modu gisa haien ingurune hurbil eta maitatuenean ere gertatzen da. Euskal Autonomia Erkidegoan, bikotekideengandik edo bikotekide ohiengandik indarkeria jasaten duten emakumeen artean,
10etik 6k seme-alaba adin txikiak dituzte, eta horiek ere biktima bihurtzen dituzte. Indarkeria bikarioa deritzona.

Gainera, nabarmendu nahi dugu, azken aldian, sare sozialetan eta espazio publikoetan, kide feminista askoren kontrako jazarpen handia ari garela ikusten. Ez da kasualitatea. Espazio publikoa hartu eta diskurtso eraldatzaileak mahai gaineratzen dituzten emakume feminista hauek jazartzea, antolatutako gorroto eta indarkeria matxista kanpaina baten ondorioa da. Eremu digitalean gertatu diren jazarpen kasu hauek gutxitzera jo izan dugu, baina duten garrantzia eta emakume hauen jarduna eteteko duen asmoa salatzeko garaia da. Horregatik, lerro hauek erabili nahi ditugu, espazio horietan dauden kideei haien lana eskertu eta alboan gaituztela esateko. Honegatik guztiagatik, Durangoko Udalak hurrengo konpromezuak hartzen ditu:

1.- Emakumeen Munduko Martxak bultzatutako indarkeria matxistaren aurreko erantzun- protokoloa bere egitea.

2.- 2022eko berdintasun-aurrekontuetan murrizketarik ez egitea, eta gainera, berdintasun- unitateak egonkortzeko eta indartzeko konpromisoa hartzen du.

3.- Indarkeria matxistan zuzen aritzen diren sail eta profesionalen arteko elkarlanaz eta instituzioen arteko koordinazio egokiaren errefortzuaz arduratzea, betiere sistematizazioa eta arreta-ibilbidearen hedapen egokiak bermatuz.

4.- Indarkeria bikarioa ikusarazten eta behar bezala artatzen laguntzea, indarkeria matxistaren biktima diren adin txikiak goiz detektatzen eta esku hartzen lagunduz, udal-zerbitzuen bidez, beste eragile batzuekin lankidetzan (ikastetxeak, osasun-zentroak).

5.- Eremu ezberdinei (hedabideei, enpresei, hezkuntza-zentroei...) zuzendutako indarkeria matxisten prebentzio eta salaketa kanpainak abiatzea, eragina-ebaluazioa jasoz.

6.- Neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako jabekuntza jarduerak abian jartzea, hainbat gai jorratu ahal izateko, besteak beste, bikote harremanak eta harreman sexu-afektiboak, amodio erromantikoak, sexualitate libreak, etab., 10 urtetik gorako neskei eta nerabeei zuzendutako autodefentsa feministako tailer iraunkorrak ere jasoz.

7.- Herri/lurraldeko mutil eta gizonei zuzendutako lanketa berezituak abiatzeko konpromisoa hartzea, afektibitatea, harreman ereduak, maskulinitate ereduak, rol sexistak gainditzeko estrategiak, eta parekidetasuna lantzeko besteren artean; eta horretarako programa zehatzak aktibatzeko konpromisoa ere hartzea.

8.- Indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio eskubidearen alde guztiak (tartean, egiaren hedapena, kalte-ordainketa, akonpainamendu soziala edo ez errepikatzeko bermea) lantzeko programa iraunkorrak, eta osasun egoerari egokitutakoak, martxan jartzea / martxan jartzeko deia egitea, besteren artean arlo ezberdinei zuzendutako protokoloak, memoria historikoa berreskuratzea, omenaldiak, jardunaldiak, tailerrak, ikerketak, zineforumak, bisibilizazio ekimenak (kaleen izenak, kasu)... jasoz.

9.- Borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.