Berriena

null Durangoko Udalak osasun mentalaren inguruko programa aitzindari bat jarri du martxan gazteentzat
Durangoko Udalak osasun mentalaren inguruko programa aitzindari bat jarri du martxan gazteentzat

· Durangoko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu berri du Bizkaiko Psikologia Elkargoarekin.

· Gazteek profesionalekin egiten dituzten saioen %90 Udalak finantzatuko du.

Durangoko Udalak, Bizkaiko Psikologia Elkargoaren laguntzarekin, osasun mentaleko programa aitzindari bat jarri du abian 14 eta 35 urte bitarteko 6.862 durangarrentzat. Laguntza hori udalerriko biztanleen %23ari zuzenduta dago, eta hainbat arrazoirengatik tratamendua behar duten pertsonei arreta psikologiko indibidualizatua ematea sustatuko du.

Programa honen bitartez, laguntza psikologikoa behar duten durangar gazteei gehienez 10 saio pertsonaletarako laguntza eskainiko die Udalak 2023. Urtean. Durangon lan egiten duten psikologo klinikoek edo sanitarioek emango diete arreta gazte durangarrei. Saio bakoitzeko 50 euroko prezioa ezarri da, eta, horietatik, gazteak bere kostuaren %10 (5 euro) ordainduko du, eta gainerakoa Durangoko Udalak diruz lagunduko du.

Horretarako, Durangoko Udalak eta Bizkaiko Psikologia Elkargoak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, eta bi aldeek programan laguntzeko prest daudela adierazi dute. Hitzarmenaren helburua da Durangoko herritarren artean osasun mentalak eta ongizate psikologikoak duten garrantzia ikustea, baita egin daitezkeen prebentzio eta esku hartze neurriak ere. Programa berria aurkezteko, Udaleko ordezkariek agerraldia egin dute Maider del Rio psikologoarekin batera.

“Pandemia ostean ikusi dugu, besteak beste, antsietatearekin edo depresioarekin lotutako kasuak gora egin dutela gure gizarteko sektore gazteenaren artean. Gai horri dagokion garrantzia eman behar zaio, eta, horregatik, Udalak durangar gazteei alternatiba berri hau eskaini nahi die, betiere hala eskatzen badute. Gure gazteen osasun mentala sustatzea, babestea eta zaintzea izango da gure helburua”.

Horretarako, Udalak 100.000 euroko partida prestatu du, eta, beraz, 2.222 bonu salduko dira gehienez. Abian jartzeko, Bizkaiko Psikologia Elkargoak ekimen hori helarazi die Durangon psikologia klinikoan eta sanitarioan diharduten profesionalei, interesa izanez gero sare berrira atxiki daitezen.

Ondoren, datozen asteetan, Udalak PSICOBONO web plataformaren bidez jarriko ditu salgai bonuak, www.durango.eus webgunean. Gehienez ere hamar bonu erosi ahal izango dira, bakoitzeko bost euro ordainduta. Aldiz, 14 eta 16 urte bitarteko gazteei dagozkien eskaerak gurasoek edo legezko tutoreek egin beharko dituzte.

Eskatzaileek eskura izango dute programa gauzatzeko udalarekin hitzartutako psikologia kliniko eta sanitarioko profesionalen zerrenda. Gazteek aukeratu ahal izango dute zein profesionalengana jo. Profesional horrek, lehen ebaluazio diagnostikoa egin ondoren, esku hartzearen iraupena adieraziko du, baina Udalak diruz lagundutako 10 saioen kopurua gainditu gabe.

“Erakundeetatik irtenbideak eman behar dizkiegu herritarrei, eta ez dugu ahaztu behar gure gazteen osasun mentala lehentasunezko gai bat izan behar duela. Uste dugu programa berri honekin laguntza lerro berri bat irekitzen dela osasun mentalarekin arazoak dituzten durangar gazteentzat”, gaineratu dute udal ordezkariek.