AURORA ABASOLO DIAZ(Durango, 1894-1965)

BARTOLOME ERTZILLA MUSIKA ESKOLA ETA KONTSERBATORIOA
Mende berriarekin hasi zen zure hegaldia, oso gaztea zinela. Txorien gisa ibili zinen munduan zehar eta ahots txirulariz bete zenituen antzokiak, opera kantari. Jatorri askotako kideak izan zenituen ondoan, izate askotariko paperak bete zenituen kantuan. Etxera bueltan, munduan ikasitakoa irakatsi zenien habia berrietako kumeei. Orain, zure ahotsaren oihartzunak dir-dir jarraitzen du zure jaioterriko parke honetan.
BENITA URIBARRENA BOLLAIN (Durango, 1922-2011 Le Soler - Frantzia)
ARTE ETA HISTORIA MUSEOKO PARKEA
Bazenekien bonbak baino gehiago dela bizitza. Hamabost urterekin eraman zintuzten barkuan ihesi eta ihesean igaro zenuen beste bizitza erdi. Amarekin ikasi zenuen munduari eusten, amarekin ikasi zenuen aske izaten. Berak irakatsi zizuen beldurrari aurre egiten, etsipena uxatzen, zanpaketak gaitzesten. Gaur, bion izena entzuna da erbestean. Gaur, bion izana gure artean bizi da, Historia bilakatuta; hemen, zeuen etxean.

BIZENTA ANTONIA MOGEL ELGEZABAL (Azkoitia, 1782-Abando, 1854)

DURANGOKO UDAL BIBLIOTEKA
Argi zenuen argian dagoela indarra. Txikitan adierazi zenuen zeure nahia: neuk ere ikasi egin nahi dut. Arau zorrotzez hezi zintuzten baina zuk argiari so jarraitu zenuen, euskaradun herria amets. Garai hartan andrazko gutxiren esku zegoen luma, baina zuk zeure izenez sinatu zenuen bidea, arrazoiaren argiaz eta fedearen indarraz lagunduta. Euskaraz jantzi nahi zenuen, bai herria bai hiria, baserrietako haurrak gogoan. Gaur, zure ametsa gure artean bizi da, liburuz eta irakurlez inguratuta.