PIZTU!
Bagaude bide bat egiteko desira edo gogoa dugun herritarrak, baita bide hori egiten hasi eta jarraitzeko gogoz gaudenak ere; bide-zidorra hartuko dutenak edo aldapa-gora eta behera ibiliko garenak. Batzuek bidea herriko txokoan hasi dugu eta besteek urrutiko lurretan baina bideak bide, batzen gaituena dugu orain ortzi-mugan. Sorkuntza eta kulturarekiko interesa dugunon topalekua. Kultura ezberdinak erakartzeko espazio librea, munduaren ikuskera aberatsa hezitzeko. Euskara eta euskal kultura ardatz dituena. Guk kultura egiten dugulako eta kulturak gu egiten gaituelako. Piztu argiak!
POZTU!
Gurea, denona, ametsen aterkia eta ameslarien kuma. Aspaldi alegrantzizie ospatu zuten hiru Plateruen oinordekoen habia. Kultur sortzaile, sustatzaile eta bozgorailua. Nia eta Gua batzen trebea. Tokian bertan, bidaiatzera eramango gaituena. Durangar guztion elkar-tokia. Herrian eta herritik sortutakoa Parte-hartzailea eta ideia berrien truke kolektiborako espazioa. Zabala, askotarikoa, askea eta irekia. Elkarteentzako, sortzaileentzako,kulturzaleentzako eta kulturgileentzako topagunea. Kultur komunitatea ehuntzeko aterpea. Izan Plateru!
PUZTU!
Umoretsu eta serio; mimo isilaren artea edota urrutiko doinuen goxotasuna; rap zein bertso errima; edozein adinetako irribarreen gordeleku, malabaristen bueltarekin gure ilusioak ere hegaz jarriko dituena. Sormen diziplina eta adierazpide orori bide emateko espazioa. Sortzaileok lan egiteko lekua, bitartekoak, babesa eta giroa. Elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko aterpea. Kontzertuak, bertso saioak, egonaldi artistikoak, ikuskizunak, hitzaldiak,ikastaroak, ikus-entzunezkoak, ekitaldiak, jardunaldiak eta guk nahi dugun kultura sustatzeko Kultur Aterpea.