Lurraldearen garapen iraunkorraren aldeko lehen estrategia 2002 urtean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, ondoren, 4-5 urteko iraupena duten ingurumen-esparru programen bidez aurrera eraman izan dena. Hala eta guztiz ere, 2002 urtean onartutako estrategiak, batez ere, ingurumena zuen ardatz eta ez horrenbeste garapen iraunkorraren alderdi soziala eta ekonomikoa. Hori dela eta, 2015 urtean Nazio Batuen Erakundeak onartutako Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendak sortutako aukera baliatuz, 2017 urtean Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak “Basque Country 2030 Agenda” estrategia onartu zuen (indarraldia: 2016-2020), garapen iraunkorraren alde indarrak batzea eta gure lurraldearen konpromisoa mundu-mailan erakustea bilatzen duena. Bertan jasotzen da Eusko Jaurlaritza bat datorrela Nazio Batuen Erakundeak munduaz duen ikuspegiarekin: “Pertsonengan zentratutako mundu bat, planetaren babesarekin eta bizikidetza baketsuarekin konprometitutakoa, aliantza- edo itun-eredu baten bitartez oparotasuna lortzeko gaitasuna duena.”. Ondoren, 2021-2024 urteetan indarrean egongo den “2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programa” onartu zuen Eusko Jaurlaritzak eta, sailen arteko, erakundeen arteko eta lankidetza eta partaidetza publiko, pribatu eta sozialeko koordinazio-mekanismoak eguneratzeko eta hobetzeko helburuarekin, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroa sortu zuen 2021 urtean. Foroa izaera estrategikoa duten 5 lantaldez osatuta dago (Gobernantza, Bultzatu 2050 Euskadiko Hiri Agenda, Eraldaketa Soziala, Eraldaketa Energetiko-klimatikoa eta Eraldaketa Ekonomiko-digitala).
Lurralde mailatik udalerri mailara jaitsiz, EAEko zenbait udal 2030 Agenda euren errealitatera egokitzeko lanketa estrategikoa burutzen ari dira. Lanketa hori errazteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak baliabide ezberdinak jartzen ditu udalen esku; hala nola, 2030 Agenda tokiko mailan ezartzeko gida, interesa duten udalei zuzendutako 2030 Agenda ulertzeko ikastaroak, eta abar. Udalez gain, bestelako eragileek ere zeresan handia dute Garapen Iraunkorrerako Helburuen ezarpenean eta horien artean aipa daitezke, esaterako, unibertsitateak, enpresak eta elkarteak. Eta, nola ez, herritarrek ere bai.
Gehiago jakiteko…
- Euskadiko 2030 Agenda: https://www.euskadi.eus/zer-da-2030-agenda/web01-a2lehetr/eu/
- Udalsarea 2030: http://www.udalsarea2030.eus/zer-da-udalsarea-2030