Sozietatearen antolakuntza

Sozietarearen Antolakuntza

SOZIETATEAREN ADMINISTRAZIO-ORGANOAK:

Enpresa hau osatzen duten organo sozialak Udaleko osoko bilkuran eratutako Batzar Nagusia eta Administrazio Batzordea dira. Gidaritza honen indarraldia lau urtekoa da eta, edozein kasutan ere, izendapena egiten deneko unean dagoen agintaritza politikoarekin bat egin beharko du.


BATZAR NAGUSIA:

Batzar Nagusia da Elkartearen organo subiranoa, eta bere akordioak  beste guztien gainetik izango dira. Batzar Nagusia Udalbatzaren Osoko Bilkurak eratuko du.

Batzar Nagusiak honelakoxeak izango dira:

  1. Ohikoa. Urteko lehen sei hilabeteen barruan egingo dira gai hauek aztertzeko: kudeaketa soziala, aurreko urteko memoria, kontuak eta balantzea onartzeko, emaitzak banatzeko eta Batzarrari aurkeztu dakizkion bestelako gaiak aztertzeko indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
  2. Ezohikoa. Administrazio kontseiluak hala deritzonean egingo da, edo Udalbatzar-kideen laurenak Lehendakariari idatziz zuzenduriko idatzi baten bidez hala eskatzen badute, aztergaiak zehaztu eta gero.
  3. Unibertsala. Udalbatzako kide guztiak bertan direnean eta, aho batez, Batzar Nagusia egitea erabakitzen badute, Batzarra egin egingo da eta edozein gai aztertu ahalko da.

 Batzar Nagusien aktak:


ADMINISTRAZIO KONTSEILUA:

Administrazio Kontseiluari dagokio sozietatea kudeatzea, administratzea eta ordezkatzea. Kontseiluak gutxienez bost eta gehienez hamaika kide izango ditu. Batzar Nagusiari dagokio kideen kopurua finkatu eta horiek izendatzea.

Kontseiluaren eskumenak:

Administrazio kontseiluak Elkartea gobernatzeko ahalmen zabal eta osoenak izango ditu; baina, batez ere, hauexek izango dira bere egitekoak:

  1. Elkartea ordezkatzea gai administratibo, judizial, zibil, merkatal, laboral eta penaletan Estatuko Administrazioaren eta Herri Erakundeen aurrean eta, halaber, edozelako jurisdikzioren aurrean, ohikoa, administrazioarena, administrazio-auziarekikoena, laborala, penala, e.a. Eta, edozein instantzia delarik ere, bere eskubideak defenditzeko era guztietako ekimenak onartzea eta gauzatzea, prokuradoreei dagozkien ahalak emanez eta abokatuak izendatuz Elkartea ordezkatu eta defenditu dezaten Tribunal eta Erakundeen aurrean.
  2. Elkartearen negozioak gobernatzea negozioon gestioari etengabeko arreta eskainiz. Honetarako, Elkartea gobernatzeko eta funtzionarazteko arauak ezarriko ditu zerbitzu tekniko, administratibo eta kudeaketakoak antolatuz, arautuz eta, hala balegokio, kontratatuz.
  3. Edozein eratako ekimen eta kontratuak egitea edozein eratako ondasun, zerbitzu edo eskubideren gainean. Halaber, Elkartearen xedea gauzatzeko ekintzak eta ebazpenak burutzea, kontratu, paktu eta egoki iritzitako baldintzez baliatuz eta Elkartearen ondasunen gaineko hipotekak eta bestelako kargak edo eskubideak eratzea edo deuseztatzea. Era berean, ordainketa edo ordainketa barik, edozein eratako pribilegio edo eskubideri uko egitea eta kobrantzak eta ordainketak egitea. Halaber, Elkarteak eratze-bidean edo eratuta dauden beste enpresa edo elkarteetan parte hartu dezala erabaki dezake.
  4. Elkartearen izenpea edukitzea eta bere izenean jardutea edozein eratako banku operaziotan, kontu korronteak irekiz eta itxiz, berauek erabiliz eta kanbio-letretan igorle, onartzaile, abaldun, endosatzaile, endosu-hartzaile edo edukitzaile bezala parte hartuz eta, halaber, kredituak zabaldu, mailegu bermedunak edo berme gabeak hitzartu eta ezeztatu, fondo, errenta, kreditu edo baloreen transferentziak egin edozein giro-prozedura edo diru-mugimendu erabiliz, likidazio-kontuen saldoak onartu, gordailuak edo fidantzak jarri eta kendu, kontuak konpentsatu, kanbioak formalizatu, e.a. Aipatutako eragiketa guztiak Banco de Españan edo Banka Ofizialean egin daitezke eta, halaber, banku erakunde pribatuetan, Aurrezki Kutxetan eta Administrazio Autonomoaren edo Estatukoaren edozein erakundetan.
  5. Elkartearen fondoak nola erabili, non jarri eta non inbertitu zehaztea.
  6. Fondo berezi bat eratzeko proposamena egitea, Elkartearen ondasunek izan ditzaketen arriskuei aurre egiteko. Gerta baitaiteke ondasunak bere osotasunean aseguratu barik egotea edo Elkarteak aseguru-erakundeekin hitzartutako polizetan parteren bat estali gabe izatea.
  7. Estatutu hauek ezartzen dutena kontuan hartuta, batzarretako deialdiak egitea, ohikoak zein ezohikoak, behar den moduan eta egunean. Gai-zerrenda aurkeztu eta dagozkion proposamenak egitea deitutako Batzarraren izaerarekin bat etorriz.
  8. Ohiko Batzar Nagusiaren deialdia egin baino lehen, aurreko abenduan itxitako urtealdiaren balantzea aurkeztea eta, honekin batera, galera-irabazien kontua eta, irabazirik balego, berauek banatzeko proposamena. Dokumentu hauen eta urtealdiko gertaera aipagarrien memoria ere aurkeztu beharko da.
  9. Apoderatuak izendatzea kasu guztietarako edo zenbaitzuetarako eta, hala balegokio, Elkartearen pertsonal guztia izendatzea eta kalera botatzea, dagozkion soldatak eta sariak asignatuz.
  10. Egiteko guztiak edo hauetako batzuk delegatzea.
  11. Bere funtzionamendua arautzea Legeak edo Estatutu hauek aurreikusten ez duten guztirako.
  12. Orokorrean, administrazio kontseiluak Elkartearen ahalmen eta atribuzio guztiak izango ditu, Legeak eta Estatutu hauek Akziodunen Batzar Nagusiari ematen dizkionak izan ezik.

Lehendakaria eta lehendakariordea:

Elkarteko eta kontseiluko lehendakaria Udalbatzako bera izango da, hau da, alkatea 
Bertako kide direnen artetik hautatu eta izendatuko du Administrazio Kontseiluak lehendakariordea, zeinek ordeztuko baitu lehendakaria bertan ez bada, kargua hutsik geratzen bada edo hura gaixorik badago.

2023-2027ko legegintzaldian, Mireia Elkoroiribe Zenikaonandia da lehendakaria.

Kontseilari Ahalduna:

Administrazio Kontseiluak 2023ko irailaren 14an hartutako erabakiaren bidez, Mireia Elkoroiribe Zenikaonandia sailburuari borondatezko ahalordetzea eman zitzaion.

Kontseilari ahalduna Eskumenak:

  • Sozietateko langile guztien nagusi zuzen gisa jardutea, enpresak kontratatutako langileei Gizarte Segurantzan alta eta baja ematea, eta enpresa ordezkatzea Gizarte Segurantzaren Institutuarekiko, INEMekiko eta Enplegu Bulegoekiko harremanetan.
  • Kanonak, hobariak, salbuespenak (zerga arlokoak zein Gizarte Segurantzaren zein beste edonolako kuoten ordainketen arlokoak) eta Sozietatearentzat interesgarriak izan daitezkeen edo Sozietateari dagozkion eskubide doako, ofizial eta pribatuak eskatu eta lortzea; Estatuak, Euskal Autonomia Erkidegoak, Bizkaiko Foru Aldundiak edo Udalbatzek sozietateak egiten dituen jarduerak aurrera eraman ahal izateko ematen dituzten prima, diru-laguntza eta gainerako laguntza ekonomikoak eskatu eta lortzea, zuzenean edo aipatutako Erakundeen menpeko organismoen bitartez; horretarako, beharrezkoak diren ekintza, kontratu eta negozio guztiak egin beharko dira, aipatutako laguntzak lortu ahal izateko.
  • Edozein jurisdikziotako Epaitegi eta Auzitegietara joatea, epaiketa zibiletan eta adiskidetze-ekintzetan, bat etorrita zein ez; kausa kriminaletan, kereilak sinatzeko eta prozeduraren eskaintza jasotzeko aukerarekin; jarrerak absolbitzea eta epaiketetan aitortzea; Lan Arloko Epaitegietako epaiketa zibiletara joatea, beraiek emandako epaien aurkako errekurtsoetan; txosten administratiboak sustatzea edozein Jurisdikzioren aurrean; erreklamazio ekonomiko-administratiboak eta administrazioarekiko auzietako erreklamazioak sustatzea; mota guztietako txosten, epaiketa, prozesu eta kausetan aritzea, edozein Administrazio eta Jurisdikzioren aurrean; era berean, auzietarako ahalordeak ematea eskumendun prokuradore eta abokatuen alde, ordezkatze arlokoak barne, Sozietatea ordezkatu eta defendatu ahal izateko.
  • Soilik Sozietatearen aldeko taloi edo txeke izendunen bitartez, edozein kontzeptugatik Sozietateari zorpetzen zaizkion diru-kopuruak eskatu eta kobratzea, eta berdin Eusko Jaurlaritzan, Bizkaiko Foru Aldundian, Estatuko Ogasuneko ordezkaritzetan, Gordailuen Kutxa Nagusian eta bere sukurtsaletan, eta gainerako Bulego, Institutu, Erakunde eta Organismo Publiko eta Pribatuetan, eta, oro har, obligazioen betearazpena eskatzea, ordainketa-gutunak, ordainagiriak eta abarrak eginez.
  • Bistako eta kredituko kontu korronteak ireki, jarraitu eta ixtea, balio, merkantzia eta ondoreen berme pertsonalik gabe; kontu horien saldoak erabiltzea, taloi, txeke, transferentzia-agindu edo beste edozein eratara, likidazio-kontuen saldoak onartu, gordailuak edo fidantzak jarri eta kendu, kontuak konpentsatu, kanbioak formalizatu, e.a. Aipatutako eragiketa guztiak Banco de Españan edo Banka Ofizialean egin daitezke eta, halaber, banku erakunde pribatuetan, Aurrezki Kutxetan eta Administrazio Publikoaren edozein erakundetan
  • Emandako eskumenez baliatzeko beharrezkoak diren dokumentu publiko eta pribatu guztiak eman eta sinatzea.
  • Sinadura elektronikoa lortzeko eskumena jasotzea.

Idazkaria

Idazkaria ere Kontseiluak izendatuko du, eta kontseilari bat, funtzionario bat edo bestelakoren bat hautatua izan daiteke. Kontseilukoa ez bada, idazkariak ez du botorik izango.