EJZ - ONURA FISKALAK ETA SALBUESPENAK

III. EZ LOTESLEAK.

5. artikulua

Zerga honetan, ondoren datozen jarduerek ez dute egitate zergagarririk izango:

  1. Enpresen aktibo finkoan sartutako ondasunak besterentzea, ondasun horiek ibilgetu gisa behar bezala inbentariatu badira eskualdatu baino bi urte lehenago; eta ondasunak saltzea (saltzaileak modu partikularrean eta pribatuan erabilitakoak), betiere, denboraldi berean baliatu baditu.
  2. Banakoen lanengatik edo zerbitzu profesionalengatik ordaintzen diren produktuak saltzea.
  3. Establezimendua apaintzeko edo dotoretzeko helburu bakarra duten artikuluak erakusgai jartzea. Aitzitik, zergapekoa izango da bezeroentzako opari-artikuluen erakusketa egitea.
  4. Txikizkako salmentetan jarduera edo eragiketa bakar eta bakartu bat egitea.

 

IV. SALBUESPENAK.

6. artikulua

1.      Zergatik salbuetsita geratuko dira:

a)    Estatua, Euskal Autonomia Erkidegoa, Bizkaiko Lurralde Historikoa eta Tokiko Erakundeak nahiz horien izaera administratiboko organismo autonomoak.

b)    Nazioarteko itun edo hitzarmenen arabera, salbuestekoak diren subjektu pasiboak.

c)     Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakundeak baita indarrean dagoen legediaren arabera eratutako mutualitateen eta montepioen kudeaketa-erakundeak.

d)    Batetik, Ikerketako organismo publikoak; bestetik hainbat erakunderen funtsen bidez erabat ordaindutako maila guztietako ikastetxeak (erakunde horien artean daude Estatua, Euskal Autonomia Erkidegoa, Bizkaiko Foru Aldundia, Tokiko Erakundeak eta fundazio ongileak edo erabilera publikokoak), eta, azkenik, irabazi asmorik gabeko maila guztietako ikastetxeak –hezkuntza-ituneko erregimenean daudenak–, edota euren ikasleei liburuak edo idazmahaiko tresnak eskaintzen dizkietenak edo pentsio-erdiko zerbitzua edo barneko zerbitzua ematen dutenak, eta, salbuespen gisa, hezkuntza-materialeko tailerretako produktuak saldu arren, salmentaren zenbateko hori norbanakoek edo hirugarren batzuek eskuratu beharrean, lehen-gaiak erosteko edo zentroa mantentzeko soilik erabiltzen bada.

e)    Urritu fisikoen nahiz psikikoen edota sentimen urrituen erakundeak eta fundazioak, irabazi asmorik gabekoak direnean eta jarduera pedagogikoak, zientifikoak, laguntza ematekoak eta enplegua bilatzekoak garatzen dituztenean minusbaliatuak hezteko, birgaitzeko, irakasteko eta zaintzeko. Salbuetsita geratuko dira gainera, helburu horietara bideratutako tailerretako produktuak saldu arren, salmentaren zenbateko hori norbanakoek edo hirugarren batzuek eskuratu beharrean, lehen-gaiak erosteko edo zentroa mantentzeko soilik erabiltzen bada.

f)     Gurutze gorria eta erreglamendu bidez zehaztutako antzeko erakundeak.

g)    Zergagarria den jarduera horretan hasi berri diren subjektu pasiboak salbuetsita egongo dira zerga horren lehen bi zerga-aldietan.

    Era berean, honako kasu hauek ez da jarduera hasi berritzat hartuko:

1.  Aurretik  jarduera bera beste titularitate baten pean garatu denean (halaxe gertatzen da, besteak beste, enpresek bat egiten dutenean, banatzen direnean eta beste jarduera-adar batzuk gehitzen dituztenean).

2. Subjektu pasiboa sozietate-talde bateko kide denean (Merkataritza Kodearen 42.artikuluaren arabera), salbu eta taldea osatzen duen enpresetako batek aurretik garatu ez duen jarduera berri bat denean.

3. Jarduera horretan lehenago jarduera bera egin duten enpresek % 25etik gorako partaidetza dutenean. Aurreko puntuetan xedatutakoa betetzeko orduan, jarduera bera garatzen dela ulertuko da jarduera hori zergaren tarifetan talde berean sailkatuta dagoenean.

 

h)   2.000.000 eurotik beherako eragiketa-bolumena daukaten subjektu pasiboak. (Nolanahi ere, ekonomia jarduera guztiek egon behar dute alta emanda aipatutako zergan).

Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadunei dagokienez, salbuespena establezimendu iraunkorrean dihardutenei soilik aplikatu ahalko zaie, baldin eta beraien eragiketa bolumena 2.000.000 eurotik beherakoa bada.

Salbuespen horren barnean sartzeko, bestalde, subjektu pasiboen parte-hartzea –zuzenekoa nahiz zeharkakoa– ez da izango 100eko 25 baino handiagoa, enpresa horien eragiketa-bolumenek ez dutenean betetzen idatz-zati honetan aurreikusitakoa. Nolanahi ere, horietan, salbuespen dira arrisku-kapitaleko funtsak edo sozietateak eta enpresa-sustapeneko sozietateak (ekainaren 26ko 3/1996 Foru Arauaren, Sozietateen gaineko Zergari buruzkoaren, 59. eta 60. artikuluetan hurrenez hurren jasotakoak), sozietate horien gizarte-helburua betetzetik sortzen denean parte-hartzea.

Letra honetan ezarritako salbuespena aplikatzeko erregela hauek hartu behar dira kontuan:

1.      Eragiketa bolumena Sozietateen gaineko Zergari buruzko ekainaren 26ko 3/1996 Foru Arauko 2. artikuluko 7. idatz-zatian ezarritakoaren arabera kalkulatuko da.

2.      Sozietateen gaineko Zergaren, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasiboen eragiketen bolumena hauxe izango da: aitorpena zerga-zorra sortu den urtearen aurreko urtean aurkeztu beharreko zergaldikoa. Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 33. artikuluan aipatutako sozietate zibilen eta erakundeen eragiketen bolumena zerga honen ziozko zorra sortu den urtearen azken aurreko urtekoa izango da. Zergaldia urtebete baino laburragoa izan bada, eragiketen bolumena urtekoratu egingo da.

3.      Subjektu pasiboaren eragiketen bolumena kalkulatzeko hark egindako jarduera ekonomiko guztiak hartuko dira kontuan.

Erakundea, Merkataritzako Kodearen 42. artikuluaren arabera, sozietate talde bateko kidea bada, lehenago aipatu magnitudeak talde horretako erakundeen multzoari egokituko zaizkio.

4.      Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren kargapekoen eragiketen bolumena Espainiako lurraldean dituzten establezimendu iraunkor guztiei egotzi ahal zaiena izango da.

i)        Irabazi asmorik gabeko entitateak salbuetsita egongo dira Ekonomia Jardueren Zergan, otsailaren 24ko, irabazi asmoa duten entitateen erregimen fiskalari buruzko 4/2019 Foru Arauaren 9. artikuluak aipatzen dituen ustiapen ekonomikoei dagokienean. Nolanahi ere, aipatutako entitateek alta-aitorpena aurkeztu beharko dute zerga honen matrikulan eta, halaber, baja-aitorpena aurkeztu behar dute beren jarduera eten badute. Salbuespen hau aplikatzeko behar beharrezkoa da irabazi asmorik ez duten entitateek udalari jakinaraztea, otsailaren 24ko, irabazi asmoa duten entitateen erregimen fiskalari buruzko 1/2004 Foru Arauaren 16.2 atalak aipatzen duen ebazpena aurkeztuz eta, halaber, aipatutako arauaren II. tituluak arautzen duen erregimen fiskalari dagozkion baldintzak betetzen dituztela.

2.    Aurreko 1. paragrafoko d) eta e) idatz-zatietan araututako hobariak erreguzkoak izango dira, eta bidezko denean eskainiko dira, interesatuaren eskariz.

3.    Aurreko 1. paragrafoko a), b), c) eta f) idatz-zatietan aipatutako subjektu pasiboek ez dute alta-aitorpenik egin beharko, zergaren matrikulan.

 

HOBARIAK

13. artikulua

Ondoko hobari hauek aplikatuko zaizkio zerga-kuotari:

a)       Edozein ekonomia-jardueraren egileak kuotaren 100eko 50eko hobaria jasoko du, udal-kuota ordaintzen badu jarduera garatzen hasi zenetik bigarren zerga-aldia bukatu osteko hurrengo bost urteetan.

Hobaria gauzatu ahal izateko, jarduerak berria izan beharko du, alegia, ez da hobaririk jasoko  jarduera hori bera aurretik bestelako titularitatepean garatu denean. Jarduera hori aurretik bestelako titularitatepean garatu dela ulertuko da besteak beste, enpresek bat egiten dutenean, banatzen direnean eta beste jarduera-adar batzuk gaineratzen zaizkienean.

Hobaria jasotzeko denboraldia iraungiko da Jarduera Ekonomikoen Zergaren 6/1989 Foru Arauaren 6. artikuluko 1. paragrafoko g idatz-zatian aurreikusitako salbuespena amaitzen denetik bost urte igarota.

Tarifa-kuotarekin osatutako zerga-kuotari aplikatuko zaio hobaria (zerga-kuota, kasu bada, ordenantza honetako 8. artikuluan jasotako koefizienteen eta indizeen bidez aldatuko da).

b)       Enplegua sortzeagatik hobaria jasoko da, ondorengo taularen arabera. Hobari horren hartzaile izateko, subjektu pasiboek, batetik, udal-kuota ordaindu beharko dute, eta, bestetik, kontratu mugagabeko euren langileen batez bestekoa handitu behar dute, hobaria aplikatu aurreko zerga-aldian, zerga-aldi horren aurrekoarekin alderatuta.

Hauek izango dira hobariaren ehunekoak:

 

Lan-kontratu mugagabea duten langileen kopurua igotzea

Hobaria

% 0,1etik % 5era

% 20

% 5,01etik % 10era

% 25

% 10,01etik % 15era

% 35

% 15,01etik % 20ra

% 45

% 20tik gora

% 50

 

Enplegu batek hobaria jaso ahal izateko plantilaren maila ertaina mantendu behar da, hortaz, kontratazioek epe mugagabea izan behar dute eta plantila handitzeko izango dira. Plantila handitzeaz ulertzen da lan-kontratuak desegin ez izana kontratazioa egin baino urtebete lehenago.

Subjektu pasiboek aurkeztu diren enpleguen artean egon den edozein aldaketaren berri eman behar dute, betiere, hobari honekin zerikusia badute.

Ez dira kontuan hartuko, eskaria egin duen enpresan edo beronekin zerikusia duen enpresaren baten, aurreko urtean zerbitzuan aritu izan diren langileen kontratazioak.

Hobari honi dagokionez, ez dira kontuan hartuko enpresaren izena aldatu izanaren ondorioz edo aldaketa juridiko baten ondorioz egindako kontratazioak.

Halaber, ez dira kontuan hartuko, langile autonomoen erregimen berezian egindako kontratazioak eta langileen altak, ezta ere, enpresarioaren odolkideak diren bigarren maila arteko ahaideei egindakoak, edota bazkideei, zuzendaritza-karguak dituztenei edo enpresa-administrazioko kide direnei egindakoak.

Ez dira kontuan hartuko Gizarte Segurantza edo lan-araudia urratzen duten kontratazioak.

c)          Subjektu pasiboek kuotaren %50eko hobaria jasoko dute, batetik, udal-kuota ordaintzen dutenean eta bestetik:

·       Durangon kokaturiko hiri-industriak izanik, euren jarduera hirigunetik udalerriko industria poligonoetara eramaten dituzten enpresez ari gara, eta, betiere, irekiera-baimena eman eta hurrengo bi urteen barruan. (3/89 Legea)

d)         Subjektu pasiboek kuotaren % 30eko hobaria jasoko dute, batetik, udal-kuota ordaintzen dutenean eta bestetik:

·       Langileentzako garraio-plana ezarria badute energia-kontsumoa gutxitzeko edo lanpostuen joan-etorrietarako desplazamenduen eraginez sortutako emisioak gutxitzeko bada eta, halaber, garraio-bide eragingarriagoak erabiltzea sustatzen badute, esaterako, garraio kolektiboa edo konpartitua; edozelan ere, ezingo da planari dagokion kostua baino handiagoa izan.

e)         %50eko hobaria dagokion kuotan ingurumena kudeatzeko sistemen egiaztagirien jabe diren subjektu pasiboentzat, beti ere, Euskal Herriko ingurumena babesteko, otsailaren 27ko, 3/1998 Legeak aipatzen dituen jarduerak burutzen dituzten enpresak badira, eta Europako EMAS araudiak ezartzen dituen betebeharrak betetzen badituzte.

f)          %50eko hobaria dagokion kuotan, bere energia eskaeraren %100 energi berriztagarrien bidez betetzen edo sortzen duten subjektu pasiboentzat.

Honetarako, soilik energi berriztagarrien aprobetxamendurako instalaziotzat hartuko dira Energi Berriztagarrien Sustapenerako Planak eduki eta zehazturikoak. Erabilgarria den energi termiko eta argi indarra batera sor ditzaketen ondasun eta instalazioak kogenerazio sistematzat hartuko dira.

g)          Kuotaren %50era arteko hobaria udal kuota ordaintzen duten subjektu pasiboentzat, baldin eta euren ekonomi jardueraren errenta edo etekin garbia hobaria aplikatu aurreko zergaldian negatiboa bada.

Ezingo dira hobari hauek aldi berean aplikatu. Hobari bat baino gehiago badaude, handiena aplikatuko da, c) eta d) epigrafekoak izan ezik. Hauek %60a arte metatu daitezke.