OHZ - ONURA FISKALAK ETA SALBUESPENAK

III. SALBUESPENAK

6.artikulua

Honako ondasun higiezin hauek salbuetsita daude:

a)         Estatuaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren, Bizkaiko Lurralde Historikoaren edo bertako toki-erakundeen jabetzakoak direnak, baldin eta zuzen-zuzenean afektatuta badaude nazio-defentsari, herritarren segurtasunari eta hezkuntza zein espetxe-zerbitzuei.

b)         Auzo-ondasunak eta amankomuneko auzo-mendiak.

c)          Erregelamenduz ezarritako hazkunde moteleko espezieekin landatutako mendien azalera, baldin eta haien aprobetxamendu nagusia egurra edo kortxoa bada, betiere arbolen dentsitatea espezie bakoitzaren kasuan berezkoa edo normala dena bada.

Basoen administrazioak onartutako antolamendu-proiektuen edo plan teknikoen araberako baso-berritzeak edo zuhaiztien berritzeak egiten diren mendien azalera. Salbuespen honek hamabost urte iraungo du, salbuespenerako eskabidea egiten den zergaldiaren hurrengotik zenbaturik, beti hazkunde arineko espezieak ez badira.

d)         Eliza Katolikoaren higiezinak, Espainiako estatuak eta Egoitza Santuak 1979ko urtarrilaren 3an sinatutako Gai Ekonomikoei buruzko Akordioan ezarritakoaren arabera. Elkarte konfesional ez-katolikoen higiezinak, baldin eta elkarteok legez aintzatetsita badaude, Estatuak halako elkarteekin sinatutako lankidetza-akordioetan ezarritakoaren arabera —akordio horiek Espainiako Konstituzioaren 16. artikuluan aipaturikoak dira-.

e)         Espainiako Gurutze Gorriaren higiezinak eta erregelamenduz zehazten diren antzeko beste erakunde batzuenak.

f)          Atzerriko gobernuen higiezinak, haien ordezkari diplomatikoek edo kontsulatuetakoek edo haien erakunde ofizialek erabiltzeko direnean, baldin eta elkarrekikotasuna badago edo egoera hori indarrean dauden nazioarteko hitzarmenekin bat badator.

g)         Indarrean dauden nazioarteko hitzarmenak direla bide salbuespena aplikatu behar zaien organismo edo erakundeen higiezinak.

h)         Trenbideek atzemandako lurrak eta lur horietan dauden eraikinak, baldin eta geltokiak edo biltegiak badira edo lineak ustiatzeko ezinbestekoa den zerbitzuren baterako behar badira.

i)           Ez daude salbuetsita ostalaritzako, ikuskizunetako, merkataritzako eta aisialdirako establezimenduak, ez eta enplegatuak bizitzeko diren etxeak, zuzendaritza-bulegoak eta fabrika-instalazioak ere.

j)           Euskal Herriko Unibertsitatekoak.

k)          Udalei kontraprestazio barik lagatako ondasun higiezinak

Era berean, eskaria egin ostean, salbuetsita egongo dira:

a)          Monumentu izaera duten ondasun higiezinak (Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 2. artikuluko 2. paragrafoaren a) atalean adierazitakoak). Salbuespen horren barnean daude bai kultura-ondasun kalifikatuak bai inbentariatuak, betiere, aipatutako legean ezarritako eskakizunak betetzen badituzte.

Salbuespen izango dira, orobat, monumentu-multzo baten zati diren ondasun higiezinak (Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 2. artikuluko 2. paragrafoko b idatz-zatian aipatutakoak). Salbuespen horrek, ordea, babes bereziko edo babes ertaineko erregimenaren barnean dauden higiezin kalifikatuak edo inbentariatuak hartuko ditu aintzat, betiere lege horrek zehaztutako eskakizunak betetzen dituzte.

Kultura-ondasuntzat –kalifikatua nahiz inbentariatua– aitortutako arkeologia-guneren baten barnean dauden ondasun higiezinak (7/1990 Legearen 44. artikuluan jasotakoak) ere salbuetsi egingo dira, betiere, esku-hartze arkeologikoren bat egin ostean, gune horietan topatutako arrastoak bertan uzteko beharra adierazten badu Eusko Jaurlaritzak, eta, ondorioz arrasto horiek ezin badira ezabatu edo lekuz aldatu.

b)         Hezkuntza-itunen araubidean dauden ikastetxe pribatuak, harik eta ikastetxe itundu izaera hori galdu arte.

c)         Gizarte-jarduerak egiteko baino ez diren ondasun higiezinak, baldin eta delako salbuespen hori kasu bakoitzean dagokion udalak erabaki badu eta kontuan hartuta, betiere, zer ezartzen den Irabazizkoak ez diren erakundeen zerga-araubideari eta mezenasgoari emandako zerga-pizgarriei buruzko 2004ko otsailaren 24ko 1/2004 Foru Arauan.

d)         Ondasun Higiezinen Zerga arautzen duen 4/2016 Foru Arauaren 3.4 artikuluak ezarritakoaren babesean eta zergaren diru-bilketa kudeaketari dagozkion eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideak aintzat hartuta, 6,00 euro baino gutxiagoko zenbatekoa duten hiri-higiezinak salbuetsita daude, eta gauza bera lurralde historikoaren aurrekontu orokorren foru arauak aurretik eguneratu dituen zenbatekoak.

 

HOBARIAK

12. artikulua

1.                    Obra berri bat egiteko alta izendapena duten interesatuek, hala eskatzen badute, urbanizazio, eraikuntza eta sustapenerako Enpresen jardueraren xede diren ondasun higiezinek zergaren kuota osoan %50eko/100 m2ko hobaria izango dute, bai obra berria denean edo zaharberritze-lanak egiten direnean, baldin eta ibilgetuaren ondasunen artean ez badaude.

Aipatutako hobaria jaso ahal izateko interesatuek ondorengo baldintzak bete behar dituzte:

·         Zuinketa-aktaren egiaztagiria

·         Enpresaren jarduera urbanizazio, eraikuntza edo higiezinen sustapenekoa denari buruzko egiaztagiria. Berau, sozietatearen estatutuetan agertu behar da.

·         Higiezina inmobilizatuaren barruan ez dagoenari buruzko egiaztagiria. Berau, sozietatearen administrariaren egiaztagiri bidez egingo da.

Hobari hori obrei ekin eta hurrengo zergalditik hasi eta obrak amaitu eta hurrengo zergaldira bitartean jaso ahal izango da, baldin eta aldi horretan urbanizazio- edo eraikuntza-obrak egiten badira.

2.          %50eko hobaria lortzeko eskubidea izango dute babes publikoko etxebizitzen gaineko zergaren kuota osoan eta honen antzekoak direnetan, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren araudiarekin bat badatoz, behin betiko kalifikazioa lortu eta hurrengo hiru zerga-aldietan.

Aipatutako hobaria interesatuak eskatzen badu emango da. Eskaria, hiru zerga-aldiak amaitu baino lehen egin ahal da, eta eskaria egin deneko hurrengo zerga-alditik izango du eragina.

Hobaria jaso ahal izateko, interesatuek, ondorengo dokumentazioa aurkeztu behar dute:

* Babes publikoko etxebizitzaren kalifikazioari buruzko egiaztagiriaren fotokopia.

3.                    %95eko hobaria lortzeko eskubidea izango dute nekazal kooperatibetako eta ustiaketa komunitarioko landa-ondasunen kuota osoan eta, hala balegokio, zergaren errekarguan, baldin eta urriaren 14ko Kooperatiben Araudi fiskalari buruzko 9/1997 Foru Agindua betetzen badute.

4.            %50eko hobaria izango dute ondasun higiezinen zergaren gaineko kuota osoan, “Etxebizitza hutsa programan” sartzen direnak, Eusko Jaurlaritzaren, abenduaren 30eko, 316/2002 Dekretuak arautzen duena. Halaber, etxebizitzen alokairua gazteen artean sustatzeko asmoz, %50eko hobaria izango dute Udalak espresuki onartuko duen dekretuak jasotako etxebizitzak. Hobariok ez dira bateragarriak izango, eta honek esan nahi du bietako bat bakarrik jaso daitekeela.

5. %50eko hobaria izango dute ondasun higiezinen zergaren gaineko kuotan, energi iturri berriztagarrien aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatu dituzten ondasun higiezinek, beti ere hauek Eraikuntzari buruzko Kode Teknikoa (EKD) lege indarrean sartu baino lehen eraiki baziren.

Hobaria jaso ahal izateko, eraikin inguru osoari eskaera energetikoaren murriztapen bat eragiten dion eta baldintza hauek bete dituen interbentzio orokor bat suposatu behar du: EKD-DB-HE1-ek ezarritako energi berriztagarriaren kopuruak errespetatzea, Eraikinetako Instalakuntza Termikoen Erregelamenduari (EITE) egokituta egotea, EKD-DB-HE3-k ezarritako argi-instalakuntzen eraginkortasun energetiko maila eta EKD-DB-HE4-k ezarritako eguzki-energia bidezko osasun ur bero ekarpen maila bete behar ditu eta azkenik EKD-DB-HE5-k jasotako energi fotovoltaiko kontribuzio minimoa bete.

Hobaria jaso ahal izateko, interesatuek eskaria aurkeztu behar dute. Aurretik aipatutako balditzak betetzen dituztela ziurtatzen duen dokumentazioa eskariari erantsi behar diote.

Hobariak, eskaria egiten den urtealdi bereko zerga kuotan izango du bakarrik eragina, betiere, padroia igorri ez bada eta, hala balitz, hurrengo urtean egingo litzateke.

6. %60eko hobaria izango dute ondasun higiezinen zergaren gaineko kuotan,  legeriaren eta hirigintzako planen arabera nekazaritza, abeltzaintza, basozaintza edo arrantzaren arloko edo antzeko arloren bateko oinarrizko jarduerak nagusi izateagatik edo lotura izateagatik bereizita dauden eta udalerriko herri-gune sendotuetan baino zerbitzu gutxiago dituzten herri-guneetan hiri-lurreko ondasunetarako, baldin eta herrigune horietako inguruabar ekonomikoak aintzat hartuz babes berezia behar dutela uste bada.

 

(…)

 

8. Zergaren kuotaren % 90eko hobaria izango dute indarrean dagoen legeriaren arabera kategoria orokorreko zein bereziko familia ugariaren titular diren subjektu pasiboen ohiko etxebizitza osatzen duten higiezinek, baldin eta familia-errentak dagokion ekitaldirako finkatutako lanbide arteko gutxieneko soldata halako 4,5 gainditzen ez badu.

Hobaria aplikatzeko oinarri moduan hartzen den familia-errenta kalkulatzeko, familia-politiken esparruko familia-errentaren estandarizatze-sistemari buruzko,uztailaren 24ko, 154/2012 Dekretuak ezarritako kalkuluak hartuko dira kontuan.

Subjektu pasiboa Durangoko etxebizitza baten baino gehiagoren titularra bada, hobaria familia-unitatearen edo haren zati handienaren ohiko etxebizitzari baino ez zaio aplikatuko, eta haren Gutxieneko Balio Egozgarria ez da 300.000 eurotik gorakoa izango.

Subjektu pasiboa eta familia unitateko gainerako kideak Durangon erroldatuta egon behar dira euren ohiko etxebizitzan, arbasoen banaketa kasuetarako familia ugarien gaineko araudiak ezartzen duenaren kaltetan izan gabe. Hobaria jasotzeko eskari-orria eta ondorengo dokumentazioa aurkeztu behar da:

a) Subjektu pasiboaren IFZ edo AIZren fotokopia

b) Familia ugaria tituluaren fotokopia, Bizkaiko Foru Aldundiak emana eta, legediaren bat etorriz, indarrean dagoena.

c) Ogasunaren errentaren behin-behineko likidazioa, zerga-oinarri orokorra eta aurrezkia bereizita.

 

Hala ere, berariaz aipatu beharko dute dibertsitate funtzionala duten familia-unitateko kideak daudela, halakorik izanez gero, eta behartuta egongo dira hobari honen baldintza eta betekizunetan gertatzen diren aldaketak jakinaraztera, eta, nolanahi ere, aldaketak gertatu diren hurrengo ekitalditik aurrera izango dituzte ondorioak.

 

Hobari hori baliatu ahal izateko, subjektu pasiboak hobari hori ematea eskatu beharko du ondorioak dituen zergaldiaren aurreko ekitaldian. Hala ere, onura fiskala ekitaldi bakoitzeko urtarrilaren 15a baino lehen eskatzen denean, onura fiskala eskatzen den ekitaldirako emango da, baldin eta tributua sortzen den egunean hura baliatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen badira.

 

9. Zergaren kuota osoan % 90erainoko hobaria jasotzeko eskubidea izango dute, artikulu honetan arautzen diren baldintzak betez gero, egoera ahulean dauden subjektu pasiboen ohiko etxebizitzek, beti ere kotizazio gabeko pentsio hartzaile, diru-sarrerak bermatzeko errentadunek edo bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzen dutenek, ondoren zehazten den taularen arabera.

 

Hobari hori aitortzeko, guraso bakarreko familiatzat hartuko da soilik gurasoa, zergaren subjektu pasiboa baldin bada, eta harekin bizi diren seme-alabek osatutako bizikidetza-unitatea, 23 urtera artekoa, horiek ekonomikoki pertsona bakar horren mende daudenean. Ez dira inola ere guraso bakarreko familiatzat hartuko ebazpen judizial bidez zaintza eta jagoletza partekatua ezarrita dutenak

 

Subjetu pasiboa

Hobariaren zenbatekoa

Ohikoa

70%

Guraso bakarreko familiak

90%

 

Ohiko etxebizitzatzat hartuko da subjektu pasiboak erroldatuta dauden etxebizitza. Hobari honetaz baliatu ahal izateko, subjektu pasiboak eragina duen zergaldiaren aurreko ekitaldian eskatu beharko du hobaria.

 

Oro har, hobariak eskatzeko epea maiatzaren 31n amaituko da, hobari bakoitzak ezar ditzakeen epeei kalterik egin gabe.

 

ETXEBIZITZA HUTSEN GAINEKO ERREKARGOA

7. Ondasun higiezinek bizitegi-erabilera dutenean, eta subjektu pasiboaren edo hirugarrenen ohiko egoitza ez direnean –hirugarrenen kasuan errentamenduz edo lagapen bidez–, Durangoko Udalak %50eko  errekargua ezarriko du zergaren kuota likidoaren gainean. Errekargua zerga honen subjektu pasiboei exijituko zaie, haren sortzapena zerga sortzen den une berean gertatuko da, eta urtero likidatuko da, kuotarekin batera.

Bizitegi-erabilera duen ondasun higiezintzat hartuko da, hura kokaturik dagoen udalerriko erroldan egiaztatuta badago bertan bizi den/direnen ohiko bizilekua dela Ondasun Higiezinen Zergaren sortzapen datan. Nolanahi ere, ez da errekargua aplikatuko ohiko bizileku gisa erabiltzen ez diren bizitegi erabilerako ondasun higiezinak, betiere, honako inguruabar hauek ematen badira:

a) Ostatatze, pentsio, ostatu eta antzekoen gisa erabiltzen direnak.

a)       Erakunde publikoren baten esku utzitakoak alokatu ditzan.

c) Hirugarren adinekoen egoitzetan erroldaturiko pertsonen titulartasuna duten etxebizitzak. Errekargua ez eskatzea egoitzara sartu aurretik egoiliarraren ohiko etxebizitza zen etxebizitzari bakarrik aplikatuko zaio. Hori egiaztatzeko, egoitzaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, sarrera-data adierazita. Halaber, errekargu honetatik salbuetsita geratuko dira menpekotasun egoera egoteagatik beste etxebizitza batera desplazatu behar diren pertsonen etxebizitzak, betiere, pertsona horiek badira etxebizitzaren titularrak. Halaber, salbuetsita geratuko dira menpekotasun egoeran dauden pertsonen arretaz arduratzen direnak edo ezkontideak, bikoteak edo odolezko ahaideak direnak ahaidetasun hirugarren mailara arte.

d) Gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituztela frogatzen duten etxebizitzak. Eskatuko diren gutxieneko bizigarritasun-baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituen ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuan ezarritakoak izango dira. Horretarako, ondasun higiezinaren jabeak txosten tekniko bat aurkeztu beharko du, eskumena duen teknikariak sinatuta (arkitektoa), etxebizitzak bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituela eta bete ezin dituela frogatzen duena.

e) Transmisio bidean dauden etxebizitzak, betiere, transmisioaren sortzapen-dataren aurreko urtealdiari badagokio.

f) Zergaren hobariren bat jaso dezaketenak.

g) Udalaren ekonomia jardueren gaineko zergaren matrikulan alta emanda dauden jarduerei dagozkienak.

h) Zergaren sortzapenaren aurreko urtean 9 hilabete baino gehiago errentan emanda egon diren etxebizitzak (errentan emandakoak bakarrik, ez dira barne hartzen erabilera-lagapenak). Dokumentazio hau aurkeztu beharko da, aplikatu ahal izateko:

1. Interesdunak sinatutako eskabidea.

2. Behar bezala datatutako eta sinatutako alokairu-kontratua. Kontratu horretan jaso beharko da higiezinak etxebizitza-erabilera izango duela xede edo erabilera gisa.

3. Zergaren sortzapenaren aurreko urteko errentak kobratu izanaren banku-ziurtagiriak. Alokairu-kontratu horien berri emango zaio Bizkaiko Foru Ogasunari.

i) Herentzia baten parte diren etxebizitzak, titularra hil eta 2 urteko epean. Heriotza-ziurtagiria aurkeztuz egiaztatuko da egoera hori.

j) Formalki aurri-egoeran deklaratutako eraikinetan kokatutako etxebizitzak.

k) Hiri-katastroan bi erregistro-finka independente osatzen dituzten etxebizitzak, baldin eta etxebizitza bakar gisa erabiltzen badira. Nolanahi ere, inguruabar horretatik kanpo geratuko dira etxebizitza bakarrean Administrazioari argitu gabeko taldekatze-lanak edo -jarduketak. Udal-zerbitzu tekniko eskudunek egingo dute inguruabar horren balorazio-txostena.

l) Lurzoru urbanizaezinean nahiz lurzoru urbanizagarrian kokatutako etxebizitzak.

m) Hirigintza aldetik antolamenduz kanpokotzat kalifikatutako eraikinetan kokatutako etxebizitzak.

n) Ohiko bizilekua ez izan arren, zerga sortu aurreko ekitaldian gutxieneko kontsumo hau egiaztatzen duten etxebizitzak:

a) 0,21 metro kubiko edo gehiagoko ur-kontsumoa etxebizitza eta hilabete bakoitzeko, edo 2,47 metro kubiko edo gehiagoko ur-kontsumoa etxebizitza eta urte bakoitzeko.

b) Etxebizitza bakoitzeko 24 kilowatt orduko edo gehiagoko elektrizitate-kontsumoa, eta etxebizitza eta urte bakoitzeko 291 kilowatt orduko edo gehiagoko elektrizitate-kontsumoa.

o) Mendekotasun-balorazioaren bidez egiaztatutako zaintza pertsonaleko beharrengatik zaintza horren erantzule den senideren baten etxebizitzan bizi diren eta erroldatuta dauden pertsonen titulartasuneko etxebizitzak. Salbuespen hori bakarrik aplikatuko zaio mendekotasuna duen pertsonaren ohiko etxebizitza den etxebizitzari, familia-etxebizitzara lekualdatu aurretik.

Errekargu hau aplikatzerako orduan kontuan hartuko dira etxebizitzen eranskinak, betiere, eranskinak eta etxebizitza finka bakar modura agertzen badira erregistratuta.

Durangoko Udalak, ofizioz, zerga honetako subjektu pasiboen zerrenda aterako du, hau da, ohiko egoiliar moduan erregistratuta ez dauden bizitegi erabilerako ondasun higiezinen titularrena.

Errekarguaren berri jakinaraziko zaie subjektu pasibo bakoitzari dagokion administrazio-prozedura tramitatu eta gero. Ebazpen honen aurka egokien deritzen errekurtso edo erreklamazioak aurkez ditzakete indarrean dagoen araudiak ezartzen duen eran.

 

Errekargua ez aplikatzea eskatzeko epea honako hau izango da:

 

a)      Aurreko ekitaldian errekargua izan duten ondasun higiezinentzat abuztuaren 31ko esposizio-epea amaitu arte.

b)      Aurreko paragrafoko jakinarazpena jasotzen duten ondasun higiezinek, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.