Geroratzea eta Zatikatzea

Diruzaintza - Zatikatzea
 

1. Zer alde dago geroratzearen eta zatikatzearen artean?

Zatikapena: Udalarekin egindako ordainketa-akordio bat da, tributuen ordainketa hileko kuotetan banatzea ahalbidetzen duena:

  • Hileko kuota konstanteen bidez egingo da. Kuota horiek zorraren zenbatekoaren eta zatikatzeko epe-kopuruaren arabera kalkulatzen dira.

  • Zatikapenen kuotak, hilabete bakoitzeko azken ostiralean aurrez adierazitako kontu korrontean zordunduko dira, banku helbideraketa bidez.

Atzerapena: Udalarekin egindako ordainketa-akordio bat da, zorraren ordainketa osoa epe bakar batean atzeratzea ahalbidetzen duena.

Bai zatikatzerako eta baita geroratzea eskatzen denerako ere, gehienera jota 24 hilabeteko epea eman ahalko da, izan borondatezko aldian zein betearazpen-bidean dauden zorrentzat. Hau guztia, irizpide hauen arabera:

  • 100 euro eta 3.000,00 euro arteko zorrak, gehienez ere 9 hilabetez geroratu/zatitu ahal izango dira.

  • 3.000,01 eurotik 7.999,99 eurora bitarteko zorrak, gehienez 15 hilabetez geroratu/zatitu ahal izango dira.

  • 7.999,99 eurotik gorako zorrak 24 hilabetez geroratu/zatitu ahal izango dira gehienez.

Zatikatze eta geroratze akordioek berandutze-interesak sortzen dituzte, borondatezko aldia amaitzen denetik, zatikatzeak edo geroratzeak irauten duen bitartean.

2. Noiz eska daiteke geroratzea/zatikatzea?

Zerga-zorrak zein izaera publikoko gainerakoak zatikatu edo geroratu daitezke, bai borondatez ordaintzeko aldian, bai betearazte-aldian. Horretarako, honako hauek hartu beharko dira kontuan:

  • Ez da berandutze-interesik eskatuko, borondatezko epean eskatu diren ordainketa geroratzeko edo zatikatzeko akordioetan, baldin eta aldizkako epemuga eta jakinarazpen kolektiboa duten zorrei buruzkoak badira (likidazioetarako ez da hau aplikatzen) eta horien ordainketa osoa sortzapenaren ekitaldi berean egiten bada.

  • Zorra betearazpen-bidean dagoenean ere, zatikatzea edo geroratzea edozein unetan eska daiteke, betiere enbargatutako ondasunak besterendu direla jakinarazi aurretik. Hori bai, zorra betearazpen bidean dagoenean, derrigorrez egoeran honetan dagoen zor osoagatik egin beharko da eskaria.

3. Zein agiri aurkeztu behar ditut?

Ordainketaren zatikatzea edo geroratzea eskatzeko, eskaera-orria bete beharko da, Durangoko Udaleko Diruzaintzari zuzenduta, eta honako hauek jasoko dira, besteak beste:

  • NAN, AIZ, IFK edo pasaportea, ordezkaritza egiaztatuta, hala badagokio.

  • Geroratzea edo zatikatzea eskatzen den zorraren identifikazioa.

  • Atzerapena eskatzeko arrazoiak.

  • Eskatzen den geroratzeko edo zatikatzeko epeak eta gainerako baldintzak.

  • Bankuan helbideratzeko agindua.

  • Eskaintzen den bermea, hala badagokio.

  • Aurkeztu beharreko dokumentazio osagarria, hala badagokio:

  1. Pertsona fisikoak: ondasunen zinpeko aitorpena, ogasun-aitorpena, banku-txostenak (azken urteko banku-kontuen kopia).
  2. Pertsona juridikoak: azken hiru urteotako ustiapeneko balantzeak eta kontuak (erregistratuak, beharrezkoa bada), etorkizuneko finantza-plana eta bideragarritasun-plana.

Durangoko Udaleko Diruzaintzak eskatzaileari eskatu ahal izango dio, eskabideko akatsak zuzentzeko edo aurkeztu ez diren agiriak aurkezteko. Errekerimenduari erantzun ezean, eskabidea aurkeztu ez dela ulertuko da.

4. Bi zor dauzkat Udalean ordaintzeke. Eska al dezaket geroratzea/zatikatzea horietako batengatik bakarrik?

Bai, bi zorrak borondatez ordaintzeko aldian badaude. Horietako bat edo biak betearazpenean badaude, bi zorrak sartu beharko ditu eskabidean.

5. Nola egiten da geroratutako/zatikatutako zorraren ordainketa?

Behin ebazpen bidez geroratzea/zatikatzea onartuta, hauek banku-helbideratzearen bidez soilik ordaindu ahalko dira, eskarian izendatutako kontu korrontean. Karguak hileko azken ostiraletan egingo dira.

6. Nola eska dezaket zorra geroratzea/zatikatzea?

Durangoko Udalaren egoitza elektronikoan aurkez dezakezu eskabidea, baliozko ziurtagiri elektroniko batekin, esteka honen bidez: https://egoitza-sede.durango.eus.

Eskaria aurrez-aurre ere aurkez dezakezu. Idatziek, sinatuta joan behar dute eta Durangoko Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) aurkeztu behar dira, Barrenkalea 17 zenbakian edo bestela 39/2015 Legeak bere 16.4 artikuluan eskaintzen dituen aukerak erabili daitezke eskari horiek aurkezteko.

7. Geroratzea/zatikatzea, ezarritako amaiera dataren aurretik kitatu al dezaket?

Amaiera data baino lehen, edozein unetan kitatu ahal izango duzu geroratzea/zatikatzea, ordaintzeko falta diren zatiak ordainduta.

8. Zer gertatzen da geroratzea/zatikatzea bete ezean?

  • Borondatezko aldian eskatu bada:

  1. Geroratzeetan, premiamendu-prozedura hasiko da geroratutako zorragatik eta sortutako interesengatik.

  2. Zatikatzeetan, epemugan ordaindu gabe geratutako epe bat baino gehiago egonez gero, ordaintzeke dauden zatiki guztiak iraungitzat joko dira eta geroratzeen kasuan bezala jokatuko da.

  • Betearazpen-aldian eskatu bada, geroratzeko/zatikatzeko espedientea ezereztuko da, eta zorra kobratzeko prozedura hasi edo jarraituko da.

9. Zor bat geroratu/zatikatuz gero, berandutze-interesak ordaindu behar al ditut?

Bai. Sortzapenaren unean legez indarrean dagoena izango da, epe osorako aplikatuko den berandutze-interesa.

10. Bermerik eman behar al dut?

Zorraren zenbatekoaren arabera. Bermeren bat aurkeztu beharko da 7.999,99 €-tik gorako zatikatze edo geroratzeetarako. Arau orokor gisa, banku-abala emango da.