Guatemala

Guatemala

Proiektuaren izena: GUATEMALAN, SEXU INDARKERIA ETA PERTSONEN SALEROSKETAREN BIOLENTZIA JASAN DUTEN HAUR ETA NERABEEN ARRETA INTEGRALA, EUREN ESKUBIDEAK BERREZARTZEKO.

Kalkuluen arabera, Guatemalan egunero 10 eta 18 urte bitarteko 195 neska eta nerabe geratzen dira haurdun. 2012tik 2015eko ekainera, 221,581 haurdunaldi izan ziren 10 eta 19 urte bitarteko nesken eta nerabeen artean.

Proiektu honetan, Udala Medicusmundirekin ari da lankidetzan, Aliantzaren zentroak sexu-indarkeria eta pertsonen salerosketa egoeretatik bizirik atera diren haur eta nerabeei arreta integrala emateko egiten duen lana babestuz. Helburua neska horien eskubideak berrezarri ahal izatea da.

Aliantzaren zentroa Guatemalako Hirian dago. 65 neska eta, erditu dutenen kasuan, euren haur jaioberriak hartzen dituen egoitza-zentroa da. Zentroko egoiliar guztiek sexu-abusuak, esplotazio egoerak eta/edo pertsonen salerosketa egoerak pairatu dituzte. Gehienak gobernuko funtzionarioen bitartez iritsi dira zentrora, hala nola, epaileen, polizien edo gobernu-ministerioko langileen bitartez.

Hasiera batean, Aliantzaren lana zuzeneko arretan zentratu zen, esku hartzeko eredu integral baten bidez; eta estaldura sanitario, psikologiko eta juridiko legala eskaintzen zuen.

Pixkanaka, zentroak ikusi du beharrezkoa dela nesken eta nerabeen arretatik harago joatea eta eremu komunitarioa eta sareen antolaketa lehentasunezko eta funtsezko ardatz gisa identifikatzea. Inpunitate sozialarekin eta legalarekin amaituko duten aldaketak bultzatzeko beharra dago.

Hitzarmen honen bidez, Durangoko Udalaren laguntza ekonomikoari esker, Aliantzak estrategia komunitario bat garatu ahal izango du eraldaketa sozialaren dimentsiotik abiatuta, eta komunitateetako laguntza-taldeak eta -sareak prestatu ahal izango ditu.

Izan ere, sareek sentsibilizazio-lanak egiten dituzte, kasuak identifikatzen dituzte eta funtsezkoak dira familia eta banakako prozesuetan laguntzeko.